Eliza Katolikoak, ezagutzera eman gabe eta gotzain baten hitza froga bakartzat izanda, bere izenean jarritako ondarearen zerrenda luzea da; horien artean Bilboko eliza bi daude: Abusuko Artzai Onarena eta Olabeagako Santa Anako eliza. Azken hori arkupe eta guzti. Hori dela eta, EH Bildu eta Goazen udal taldeek honako eskaria egin diote Udal Gobernuari: Eliza Katolikoak modu okerrean bere izenean jarri duen ondarea berreskuratzeko prozesua abian jar dezala.
“Gobernuak jabetza hori onar ez dezala eta, aldi berean, Elizak bueltan ematea eskatzen dugu”, adierazi du Alba Fatuarte Alternatibako kide eta EH Bilduko zinegotziak. Era horretara Elizak muzin egingo lizkio frankismoak, 1946ko Hipoteka Legearekin, emandako eskubideei. Urte asko geroago Jose Maria Aznarren gobernuak, 1998ko lege horren erreformarekin, eutsitako eskubideei, hain zuzen ere. Immatrikulazio horiek bertan behera utzi ondoren Bilboko Elizbarrutiak berriro ere ondare horiek bere izenean jartzeko aukera izango lukeela argitu du Fatuartek, “baina oraingoan modu publikoan, eskualdatze publikoko zergak ordainduz eta haien jabetza beste edozein herritar bezala frogatuz”.
2015eko ekainean Eliza Katolikoak 1978tik Euskal Autonomia Erkidegoan bere izenean jarri zituen ondareen zerrendatzea egiteko ekimena onartu zen Eusko Legebiltzarrean. Ekimen horrek Eusko Jaurlaritzari eta diputazioei herri mailako erakundeei ondare publikoaren jatorria eta eskubideen informazio juridiko eta historikoa ematea eskatzen zuen. Horretaz gain, Eliza Katolikoak modu okerrean bere izenean jarritako ondarea berreskuratzeko lanean laguntzea eskatzen zitzaien instituzio bi horiei.
Azkenik, Fatuartek argitu du “hau ez dela elizaren kontrako afera. Horren adierazlea da Ondare Publikoaren Defentsan lan egiten duen plataforman kristau elkarteak daudela”. Proposamenaren helburua, azpimarratu du, ondare publikoa defendatzea da.