Alternatibaren azken Batzar Nazionalean, Gasteizen 2016ko urtarrilaren 16an eginikoa, eztabaida politikorako dokumentua jarri zen mahai gainean. Ondorengo lerroetan eztabaida horretatik ateratako 15 ondorioak jasotzen dira:
1. EHBilduk hauteskundeetan lortutako emaitzei mugatuta, txarrak dira, baina emaitza orokorrari begiratuta, erregimenaren haustura positiboa dago, etorkizunean gehiengo sozial berriak sortzeko aukerak eskaini ahal dituena. Zubiak eraiki behar dira.
2. Onartu behar dugu egoera post-politiko berrian gaudela (ohiko forma eta formatuetan, 78ko erreformatik errotutakoak), baina ez post-ideologikoan, non ezker / eskuin edo euskal abertzaletasuna / espainiar abertzaletasuna bezalako ardatzek, dagoeneko, ez duten berdin jokatzen. Inposatu egiten da, erdigunetik periferiara, berriaren balioa zaharrarekiko; eremu soziologiko tradizionalak zaharkituta gelditzen dira. A20ko emaitzek, logika honi erantzun dioten tokiko hautagaitzak dauden tokietan, eta gazteek aukera berri gisa (gurea barne) erantzuten ez diotenak aukeratu izana, politika instituzionala nora doan islatzen duen ispiluak dira.
3. Ez dugu plazaratu mezu argi bat gure parte-hartzeaz hauteskunde orokorren gainean. Ahotsa izango garen, paper aktiboa izango dugun, gure erakundeak ez direla, perfil apaleko kanpaina… ideia kontrajarriak. Oker gabiltza islatzen badugu Espainiako estatuko hauteskundeen gaineko interesik ez dugula, aldiz, Grezia, Korsika, Eskozia edo Venezuelako bozetan arreta jartzen dugun bitartean. Espainiako hauteskundeek zuzen-zuzenean eragiten digute.
4. PPren gobernuaren aurrean, bere jarduerak baldintzatutako hauteskunde orokorretan, erantzun soziala haien kontra antolatu behar da nagusiki. Hala, kontrako eragina izan dezake bestelako eraso lerroak jorratzea PNV, PSOE edo Podemosen aurka. Horrela bakarrik azalduko gara gizartearen aurrean politika horiek Euskal Herrian errepikatuko ez diren berme, eta gure eskubideen babesle gisa. Hala, 1978an ezarritako erregimen sasi demokratikoarekin amaitzen lagunduko dutenen artean eragile nagusienetako bat garela erakutsiko dugu.
5. Gure kanpaina independentzian kokatzean, hazkundea independentisten artean lortzera mugatu dugu. Alegia, ateak ixten dizkiogu autodeterminazio eskubidea esplizitu edo inplizituki aitortzen dutenei. Definizio honek gurekin bat egin nahi duen jende ugari kanpoan utz dezake, oraindik bere burua horretan kokatu ez duelako edo erabakiko dugun egunean zer nolako apustua egingo duen erabaki ez duelako.
6. Euskal Herria ez da Katalunia. Hango paradigmaren baliokiderik ez dago hemen, ezin da berregin bere horretan. Katalunian, herritarrek sustatutako mugimendua da independentismoa, gurean eman ez diren eraso jakin batzuk abiapuntu izan zuena. PNV-k askoz hobeto jokatu du burujabetza nazionalaren defentsan, zentralitatearen bidez, gizartearen gehiengoarekin bat ez datozen muturreko keinurik gabe eta inor baztertu gabe. Proiektu nazionalista bat baino, proiektu nazional gisa definitu behar dugu gure burua. Horrela bakarrik izango dugu aukera, beren burua abertzaletzat ez dutenengana heltzeko, bere kokapena balizko erreferendum bat ematen denean zehaztuko duena. Ezker subiranista gorpuzteko apustuan sakondu egin behar dugu.
7. Gure itxura, gure taularatzeko moduak, gure izaera azken batean, baztertzailea iruditu ahal zaizkio jende bati. Ez diogu euskal gizartearen gehiengoari hitz egiten baizik eta dagoeneko konbentzituta dagoenari. Herri indarra izan nahi badugu, proiektu nazionala bagara, ezin dugu inor baztertu. Nabarmena da hiri handietan porrot egiten duela gure proiektuak. Espainiar identitatea duen herritarrak urrundu egiten ditugu, beren herrian atzerritar gisa sentiarazten ditugulako edota gu ikusten gaituztelako atzerritar.
8. Gainerako herrialdeen aldean, Gipuzkoan emandako gainbehera handia izan da. Urrundu egin dira oinarriak, zuzendaritzatik batez ere, udal hauteskundeetan ikusi genuen eta sakondu egin da zerrendak egiteko prozesuarekin. Agerikoa dirudi barne demokrazia zabaldu eta indartu behar dela, edukiz beteta eta denbora emanda, honako galdera mahai gainean jartzeko: fronte zabala: nola eta noiz sustatu?
9. Podemosekin batera fronte komuna eratzeko deialdia Garzonek Iglesiasi egindakoa bezain antzua izan da. Ez genuen ikusi haiek direla halako aliantzak eskaintzeko indarrak zutenak, eta deiari atea itxi izanak ez die inolako kalterik eragin.
Diskurtso argia garatu behar dugu, Euskal Herriko lurralde anitz guztietan lehiatzeko gai izango dena, aldaketa politiko eta sozialarekin konpromisoari eutsiko diona eta demokrazian sakontzeko asmoan aurrera egingo duena (zerrendak osatzeko batzar gehiago, EH Bildu gehiago zabaltzea…), eragile sozialak ere presente daudela (etengabeko mobilizazio soziala eman dadin lagundu behar dugu, borroka instituzionalaren bidaide izango dena eta ez bakarrik Euskal Herriaren ezker soberanistaren ekintza eremu bakarra), eta borroka agenda zein helburu argiekin, erraz ulertu eta defendatzekoak.
Esaterako, Madrili zorrik ez ordaintzea (600 milioi urtero 2040era arte EAEko aurrekontuetatik) osasungintza, hezkuntza eta politika sozialak; edo bizitza duinerako eskubidea non emakumeen papera saririk gabeko zaintzara mugatuko ez den; edo gazteen enplegurako plan bat deserrira joandakoak bueltan ekarriko dituenak; edo energia arbia eta berriztagarria kutsakorrekiko (Fracking, etab.) burujabetza energetikoa ahalbidetuko diguna energia enpresa handiek argindarraren prezioaren xantaiatik askatzeko. Hala, diskurtso sendoa, ulergarria eta jendeak bere eguneroko arazoetan errotuta ikusiko duena, gure oinarriek bere egin eta zabaldu ahalko duten diskurtsoa, modu errazean eta blokeo mediatikoak gaindituta.
10. 2011. urtean hedabideen arretaren erdigunean geunden, eta ez da hala gertatu 2015ean. Erabaki dute hobe dutela gutaz ez hitz egitea areriotzat azaltzea baino. Espainiako Estatuan medioetan egotea zaila da, baina ez dugu erabat baztertu behar. Agerikoa da, alabaina, komunikazio politikoan badugula zer hobeto: eman dezake EiTBn lehiatzearekin konformatzen garela eta ezkutatu edo isilarazi egiten gaituztela salatu. Ez gara gai izan komunikazio politikorako lanabesak martxan jartzeko sare sozialetatik eta hedabide alternatiboetatik haratago.
11. Ulertu beharra dugu aldaketa nahi duen jendeak ez duela nahi gatazkaren bidez lortzea. Badakigu gure herriaren zein beste batzuen ukazioen bere izaera altxatzen duen estatu baten aurrean ezin ditugula gure helburuak modu atseginean lortu, baina honetaz ez konturatzea ezin diogu jendeari leporatu. Pedagogia landu behar dugu, aldaketaren aldeko mezuan behin eta berriro sakondu behar dugu, formetan sartu gabe. Atseginagoa edo irmoagoa izango den jendeak erabakitzen joan beharko du, estatuan sakoneko erreformarik ezin dela egin ikusi ahala.
12. Gure agenda eta lehentasunak ez datoz guztiz bat jendeak larritzat edo beharrezkotzat jotzen duenarekin. Hala, independentzia eta gatazkaren konponbidea gure kezka nagusien artean dauden arren, ez dira lehentasun euskal gizartearentzat.
13. EH Bildutik lortu behar dugu gure mezuek egoera latzenetan daudenen sentimenduekin bat egitea.
14. Bozen bila daramagun bidea noraezean doala dirudi. Batetik, EH Bilduren baitan gehien ideologizatutako jendearengandik urruntzen gaitu eta, bestetik, ez ditugu beste batzuk erakartzen gure keinuen lerro estrategikoa argi ikusten ez dutelako. Laburbilduz, gure lerro politikoa definitu beharra dugu EHko ezker soberanista indartzeko bidean, irekiagoa, barneratzaileagoa eta harkorragoa izan dadila hemen bizi eta lan egiten dutenentzat, haientzako herria irabazteko hain zuzen.
15. EH Bilduk EHko mugimendu sozialen egoera sozio-politikoari kasu egin behar dio, hamarkadetan jokatu duten papera aztertu eta egun duten autonomia edo eragin gabeziei. Krisi larria dago eremu honetan.
Ondorio hauek guztiak jaso ditugula, ezinbestekoa deritzogu EH Bilduk ordezkatzen duen proiektu politikoa berreskuratu eta indartzeari; orain lan egin eta eragiteko garaia da, guk nahi dugun eta Euskal Herriko ezkertiarrek espero duten proiektua eraikitzen jarraitzeko.
http://alternatiba.net/old-files/160116BatzarNazionalaAlternatiba.pdf