Otsailaren 27an Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zenetik 40 urte beteko dira. Errepublikaren urteurrena medio, Alternatibatik eta EH Bildutik Saharako herriarekiko eta bere askatasunaren aldeko borrokarekiko gure elkartasuna berriztu nahi dugu.
Elkartasuna bultzatzerekin batera, Saharako auzia konpontzeko ordua da. NBEk hartu zuen Saharan erreferenduma egiteko konpromisoa bete behar da, saharauiarrek haien etorkizuna erabakitzeko eskubidea dute eta eskubide hori gauzatzeko unea da.
Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoak 40 urte betetzen dituen honetan gogoratu behar da munduko 80 bat herrialdek eta Afrikako Batasunak berak, besteak beste, RASD delakoa aitortu dutela geroztik. Ez ordea, Saharako kolonizazioan eta kolonizazio osteko okupazioan ardura zehatzak dituzte Espainiako eta Frantziako gobernuek.
Horregatik, Espainiar estatuan Gobernu berria osatzeko lanetan diren alderdiek konpromiso argi eta zehatza hartu behar dute. 2015-2016an Espainia Segurtasun Kontseiluko kide gisa jardungo du. Beraz, Espainiako gobernuak, 1975an eginiko akatsa zuzenduz, Saharako auziari irtenbidea emateko ardura du. Espainiako gobernuari RASD aitortzea dagokio, Saharako ordezkaritza legitimoa delako. Horren aldeko urrats bat izango litzateke, hala nola, Palestinarekin egin zuen bezala, Espainiak Saharako gobernuko ordezkaritzari estatus diplomatikoa ematea.
Bestalde, Nazio Batuek lurralde okupatuetan duten misioak (MINURSO), erakunde horren edozein misioak dituen funtzioak bete behar ditu, besteak beste giza eskubideen begiraletza.