Atzo Berta Caceres erail zuten, bere herriaren, nekazari mugimenduaren, emakumeen eskubideen eta ama lurraren babesle sutsua. Bere etxean, Hondurasen, lo zegoela hil zuten. Hondurasko Erakunde Herritar eta Indigenen Gizarte Kontseiluko (COPINH) koordinatzaile gisa eginiko lanak nazioartean eta internazionalismoan erreferente izatera eraman du. Horrexegatik, Alternatibatik galera deitoratu eta bere erailketa irmo salatu nahi dugu.
Lau tiro izan dira, jatorrizko herrien, mugimendu indigenaren, klase xeheen eta feminismoaren bihotzaren kontra kapitalismo heteropatriarkalak eta arrazistak eginiko lau tiro. Beste ekintzaile asko akabatu dituzten tiroen modukoak, Hondurasen presa hidroelektrikoen eta meategien ustiapen bidegabearen aurka lan egiten zuten ekintzaileak. Hamarkada eskas batean ehundik gora izan dira, herri honetan bakarrik, ingurumenaren defentsan aritzeagatik erail dituzten lagunak.
Berta Isabel Zuñiga Caceres, Bertaren alabak eman duen erantzuna berretsi nahi dugu: “Ez dugu heriotza gehiagorik nahi, nahikoa da”. Bala hilgarriei duintasunarekin eta elkartasun internazionalistarekin erantzuten zaie.
Erailketa honek iluna eta bidegabeagoa egin du gaur mundua; bere borrokak, ordea, pertsona askorena den heinean, mundua aldaraziko du bihar.