Hilaren 27an, igandea, Aberri Eguna ospatuko du berriz ezker subiranistak, Euskal Herri burujabea eta askea aldarrikatzeko eguna baita. Izan ere, herri burujabea behar dugu. Ez jabez aldatzeko, dominaziorik gabe bizitzeko baizik. Estatu totalitarioen dominazio eta errepresiorik gabeko bidean egin nahi dugu, nora joan eta norekin joan nahi dugun erabakitzeko ahotsa exijitzen du. Europa honen eredu bidegabea, kapitalarena, ez duela balio argi utzi du azken egunotan ikusi dugun errefuxiatuak kaleratzeko itun lotsagarriak.
Herri honetako ezkerraren helburua pertsona aske eta burujabeak osatutako nazio librea eraikitzea izan behar da. Eta honek bandera batetik bestera igarotzea baino askoz gehiago esan nahi du; erresistentziarako harresiak altxatzea esan nahi du, erakunde ilun eta antimodekratikoek inposatutako erabakien aurrean babesteko, Euskal Herriko langile klaseen duintasuna eta eskubideak zapaltzen dituztelako. Borrokak aktibatzea dakar, elkartasunerako, feminismorako, ekologiarako, internazionalismorako eta demokraziarako borrokak aktibatzea, eta Alternatibatik babesten dugu herritarrei hitza eman behar diegula, guzti hori Euskal Herri askea eta sozialista batetik egiteko.
Horregatik, asteburuan Aberri Egunaren harira egingo diren ekitaldi desberdinetan parte hartuko dugu eta horietan parte hartzera dei egiten dugu. Igandean Iruñean izango gara, eguerdiko 12:00etan abiatuko den elkarretaratzean parte hartzeko.