Atzo, Caracasen, Kolonbiako Gobernuak eta Askatasun Nazionalerako Armadak (ELN) adierazpen publikoa egin zuten. Alternatibak eta EH Bilduk bere poza agertzen dute adierazpen publiko horren edukiengatik, Kolonbiako Gobernuak eta FARCek Habanan izandako elkarrizketetan aurrera egitea lortu zela ondorioztatzen delako eta bake iraunkor eta inklusiboa lortzeko aukera gero eta indar handiagoz ikusten delako. Kolonbiako prozesuan akordioen eraikuntzan parte hartzeko aukera eskaintzen zaio gizarteari eta, aurrerapausoak eman ahala, behin betiko bakeari bidea irekitzen ari zaio.
Kolonbia bezalako herri anaikidetu baten bake prozesua babesteko bere borondate osoa agertzen dio EH Bilduk eta, gainera, borondate hori euskal gizartearen gehiengo handi batena ere badela uste du.
Habanan FARCek eta Kolonbiako Gobernuak elkarrizketak abiatu zituztenetik, EH Bilduk bere konpromiso irmoa azaldu zuen Kolonbian bakea lortzeko eta, bake justu eta hobea erdietsi ahal izateko, lanari gogor ekiteko deia egin genien kolonbiarrei, gobernuari eta matxinatutako indarrei.
Oraindik ere lotu gabe dauden atalak FARCen eta gobernuaren ordezkaritzek ahalik eta denbora tarte txikienean bideratuko dituztela uste dugu.
ELNko eta Kolonbiako Gobernuko ordezkaritzek egindako iragarpenaren ondoren, bi aldeetatik indarkeria erabiltzeari uzteko adostasuna heldu beharko litzatekeela uste dugu, soilik horrela lortuko delako pertsona gehiago ez hiltzea. Era berean, giza eskubideak babesten dituztenei zein gizarte zibileko kide esanguratsuei egindako erasoekin amaitu beharra dagoela uste dugu, aspaldian gero eta gehiago baitira.
Kolonbiako gizartea mobilizatua dago, eta uste dugu horrek lagunduko duela bake egonkor eta iraunkorra lortzen eta prozesua amaierara eramaten.
Euskal Herritik Kolonbiarekin