EH Bilduren galdera bati erantzun baten ondotik, EAEko lehendakariak onartu du Gasteizko Legebiltzarrean Garapen Lankidetzarako Euskal Legea bete gabe jarraitzen duela. Urkulluk, gainera, ez du 2013 urtean zegoen egoerara itzultzeko asmorik adierazi. Gogoratu beharra dago urte horretan sekulako murrizketa pairatu zutela arlo honetako laguntzek.
Alternatibako kide eta EH Bilduren legebiltzarkide Diana Urreak bat egin du Euskadiko GGKEn Koordinakundearekin, eta “legegintzaldia erabateko porrota” izan dela esan dio. “Zure mandatupean historian eman diren murrizketa handienak egin dira garapen lankidetzarako alorrean”. “Gainera, gobernuak berak egindako plana ere bete gabe utzi duzue, eta gauza bera gertatu da ganbera honek onartutako mandatuekin. Goitik beherako iruzurra izan da”, leporatu dio Urreak Urkulluri.
Legebiltzarkideak zintzotasuna eta autokritika eskatu dio lehendakariari, eta arlo honetan jarraitzen duen politikaren norabidea aldatzea. “Lotsagarria da 2012 urteko mailara ere ez iriztea bideratzen den dirua, alegia, %0,52ra, legeak jasotzen duenean kopuru hori %0,7ra igo behar dela”.