Oskar Matute Alternatibako kide eta EH Bilduko bozeramaileak Euskal Errepublika aldarrikatu du, gaur arratsaldean, Eibarko Untzaga plazan egindako ekitaldian. “Gure konpromisoa argia da, eta gaur, errepublika aldarrikatu zen egun eta leku berean, berresten dugu: errealitate berri bat eraikitzeko lan egingo dugu, justuagoa eta duinagoa. Eta nahi dugun eta herri honek behar duen errealitate berri hori Euskal Errepublika da.
EH Bilduk eta Ahaztuak 1936-1977 elkarte memorialistak elkarrekin antolatutako ekitaldi politikoan, bigarren errepublikaren baloreak azpimarratu ditu eta bere egin ditu: askatasuna, anaitasuna eta berdintasuna. “Eta horren aurrean, ez lehen eta ez orain, Euskal Herriko ezkertiarrok badugu sentsibilitatea”.
Bigarren errepublikarekin monarkia bertan behera geratu zen, eta Matutek esan du Euskal Errepublika eraiki beharra dagoela, “usteldutako eredu” honekin amaitzeko. “Eredu hori Espainiako estatuaren gainean eraikita dago, Espainiako bandera daukan eskuturrekoa izan arren Panaman offshore kontuan dituztenak nagusi diren estatuaren gainean. Guztion diruarekin aberasten diren botere ekonomikoak alderdi politikoak kontrolatzen dituzten estatuan. Ustelkeria estaltzen duten hedabideak dauden estatuan, informatze hutsagatik eta Mozal Legean oinarrituta Argia bezalako aldizkariak zigortzen dituen estatuan, torturak edo murrizketa sozial eta laboralak ezkutatu nahi diren estatuan”.
Egoera honen aurrean, Euskal Estatua eraikitzearen aldarria egin du EH Bilduko bozeramaileak. “Gerratik zein pobreziatik ihesean daudenentzat ateak zabalik dituen Euskal Errepublika nahi dugu, hipokresiaren gainetik eskubideak babestuko dituena”. Zentzu horretan, EAJren eta PSEren jarrera kritikatu du, Gipuzkoan AGI laguntza soziala kentzeagatik. “Aitor dezatela haientzat Gipuzkoan ongietorriak diren bakarrak aberatsak direla, zergarik gabeko paradisu fiskala nahi dute haientzat egin hemen. Estatuan PP eta gainerakoek erakusten duten abertzaletasun bera darabilte, bandera eskuan eta milioiak poltsikoan, edo Panaman”.
Gora Euskal Herri gorri, berde eta morea!
Gora Euskal Errepublika!