EH Bildu eta Udalberri udal taldeek azken egunetan EAJ eta PSOEk osatzen duten udal gobernuak ezarritako beto politikoa salatu dute. Espazio publikoaren erabilerari ezarritako beto politikoa, hain zuzen ere. EH Bilduk eta Udalberrik jakin dute Obra eta Zerbitzu sailaren aginduetara dagoen Espazio Publikoaren bulegoak Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformari 22an Plaza Elikptikoan bijilia bat egitea debekatu diola. Horretaz gain, 23rako aurreikusitako hainbat ekimen egitea debekatu dizkio. Ekimen horiek guztiek herritarrak gerratik ihesi Europara heldu nahi duten errefuxiatuen egoeraz sentsibilizatzea dute helburu.
Egindako salaketa hori aste berean egindako beste bati gehitu behar zaio. Izan ere, aste berean auzo ezberdinetan eta kartzelen errealitatea ezagutzera eman nahi zuen erakusketa bat ez dute baimendu.
Alternatibako kide Alba Fatuartek eta Carmen Muñozek, EH Bildu eta Udalberriko zinegotziak hurrenez hurren, beto “politikoen larritasuna” salatu dute. Talde biek gogoratu dute nola, debeku horiek ezagutzera ematen diren bitartean, Iberdrola bezalako enpresa erraldoiari (argiaren prezioa manipulatzeagatik 25 milioiko isuna jarri dioten enpresa bera) eskatutako baimen guztiak eman zaizkiola Plaza Eliptikoa astebetez okupatzeko.
Fatuartek eta Muñozek azpimarratu dute beto horien atzean helburu politiko bat dagoela: “ezberdin pentsatzen duena kaletik ateratzea. Azkunaren agintaldiko garai autoritarioenak gogorarazten digute erabaki horiek. Orduan ere, 2012ko maiatzean, ´interes publikoaren defentsan´ merkataritzako langileei eta aisialdi eta kultur eragileei hainbat debeku ezarri zitzaizkien”.
EH Bilduk eta Udalberrik beste behin eskatzen dute kontrako iritzi asko jaso dituen eta 2010ean onartutako Espazio Publikoaren Ordenantza bertan behera uztea. Udal talde biek gogoratu dute ordenantza hori inposizio bat izan zela eta, ondorioz, horren inguruko eztabaida zabaltzea eskatu dute. Debekuetan oinarritutako ordenantza bat egin beharrean, eragile sozial, sindikal eta herritarren parte-hartzearekin egindakoa izan behar da.