Joxe Iriarte ‘Bikila’ – Alternatiba
Euskal Herrian bizi dugun egoera politikoaren gorabeheratik haratago (zeinean hein batean onera egin dezakeen EAJren bide antzutik aldentzea lortzen badugu, bederen) oro har mundua okerrera egiten ari dela iruditzen zait. Badakit gure belaunaldiak ez duela mundu gerra edo gerra zibila ezagutu, ia ahaztua dugula gerra hotzaren arrisku egoera (tartean misilen afera) eta antzekoak; alabaina, egungo egoerak inoiz ezagutu ez dituen arazoen elkar gurutzatzeak dakartza eta hori berria da.
Kapitalismoak gizakiaren eta naturaren arteko marra gorria jada zeharkatu du, eta zalantzak ditut horrek atzera bueltatzerik baduen, ikusirik klima aldaketarekiko Parisko klima gailurraren ahulezia eta boteretsuen aldetiko ezaxola. Eta baita ezkerreko alderdi zein sindikatuen ezintasunak, ikusirik zein parametrotan mugitzen garen egoerari aurre egiterakoan: esate baterako, produkzio mota eta kopurua dena delarik, lana mantentzearen truk ez jaistea dugu helburu, kontuan hartu gabe horrek zer ekarriko digun hemendik gutxira. Eta berriro, ate-joka dugun krisiari nola hartu aurrea ez dugu eztabaidatu ere. Eta ez teorian alternatibarik ez dagoelako, gure ahuleziagatik alternatiba horietan sinestea zaila egiten zaigulako baizik. Arcelor-en inguruan gertatzen ari dena lekuko.
Bestaldetik, mundu ustiapenetik eta botere banaketatik sortzen diren gerra lokalak eremu eskualde bati mugatuak omen, geroz eta kontrolagaitzagoak eta ulergaitzagoak zaizkigu. Eta ulergaitza ere errefuxiatuen inguruan gertatzen ari dena. Izan ere, lotsagarria, bidegabekeria, halako mila kexu entzuten dugu egunero gertatzen ari denaz, baita mandatarien ahotik. Baina egunetik egunera, arazoa geroz eta larriagoa da, giza hondamendira hurbiltzen dena. Gasteizko martxoaren 3ko sarraskiaren omenez Lluis Llachek sorturiko Campanades a morts entzuten ari naiz lerro hauek idazten ari naizela, eta nire irudimenean Balkanetan eraikitzen ari diren hesi eta txantxarren aurrean desesperaturik daudenek entzuten ari direla ikusten ditut, beren hiletarako ereserki gisa egina balitz bezala.
Bai Europako mandatariak eta zenbait estatuburu doilor zuri ustelak dira. Garbi dut ezin direla parean jarri estatuburuak eta Europako Batasunaren buruak eta herritar arruntak; hala ere, zein zaila eta mingarria egiten zaidan gogoratzea duela ez denbora asko horietako asko eta asko eginahaletan ibili zirela beren herritik alde egiteko errepresioaren ihes, bizimodu duin baten eske. Adina dugunok behintzat gogoratzen ditugu hungariarrak, errumaniarrak eta abar estalinismoaren atzaparretik ihes egin nahian Austriaren eta Alemaniaren mugak zeharkatzen. Edo Balkanetako garbiketa etnikotik beren burua salbatu nahian (SOS Balkanak gogoratzen?) gurera etorritakoak. Eta orain, zer? Hain urria da gure oroimena jada ez baitugu gogoratzen gu ere horrela ibili ginela duela ez denbora asko? Nik ez ditut inoiz ahaztuko erbeste behartuan ginela gure egoeraz arduratu ziren boluntario haiek. Damu naiz ez naizela haien pareko.
Eta azkenik, ezin ahaztu, ur arre nahasietan hazten dira indar arreak, alegia faxistak. Beldurgarria Europak ezagutzen duen hazkundea, batez ere, etorkin gehien dauden eremuetan.
Dena den, zailtasunak zailtasun, arrazoiaren ezkortasuna borondatearen baikortasunarekin kontra balantza egin daitekeela sinetsita nagoelako, nola edo hala egoera honi aurre egin behar diogula da nire aldarria. Frantzian gertatu berri den greba orokorra, eta gauean zutik mugimenduaren jaiotzak; Islandian herriaren erantzuna bere lehen ministroaren jukutriaren aurrean; Katalunian ematen ari diren intsumisio berri baten lehen pausoak, eta Gipuzkoan Errauskailuaren aurka eta gizarte laguntzei eustearen alde egindako mobilizazioak, besteren artean, markatzen dute norabidea.