Diru sarrerak bermatzeko laguntzaren (AGI delakoa) inguruko erreportaje batean, Alternatibako kide eta Gipuzkoako Politika Sozialeko diputatu ohi Ander Rodriguez elkarrizketatu du BERRIAko kazetari Arantxa Iraolak. Hona hemen laguntzaren sorrerari dagokion zatia.
2012. urteko uztailean hartu zuen orduko foru aldundiak (EH Bildurena zen gobernua) diru sarrerak bermatzeko laguntza ezartzeko erabakia. Ondo gogoan du garai hartako Gizarte Politikako diputatu Ander Rodriguezek zerk bultzatu zituen; PSE-EEren gidaritzapean Jaurlaritzak diru sarrerak bermatzeko errenta lortzeko baldintzak zorroztu egin zituen (urtebetez erroldatuta egon beharrean eskea egiteko hiru urteko muga jarri zuen), eta horri erantzun nahi izan zioten. «Diru sarrerak bermatzeko errentak hasiera batean zituen baldintzak betetzea izan zen helburua, ez besterik; murrizketen aurreko egoerara itzultzea», azaldu du. «Kalkulu jakin bat egin genuen, eta, gure iritziz, bete da».
Guztiz arbuiatzen ditu, beraz, erakartze efektuari buruz esandakoak. «Erakartze efektuarena debate interesatu bat da; arazoa Gizarte Politikako Sailaren defizita da. Erabat arduragabea da tankera horretako sail batean ari den pertsona batek horrelako mezuak ematea», salatu du. «Beldurraren diskurtsoak emaitza ematen die politikari askori, eta hautu hori egin dute; pobreen arteko borroka besterik ez da lortu nahi. ‘Begira ezazu behera’, esaten zaio jendeari. ‘Ez begiratu gora; beheko horiek dira zuen arazoen motiboa’. Logika deabruzko bat dago horren atzean». Aldundiak berak emandako datuetan oinarritzen du bere hitzen funtsa Rodriguezek. Hain justu, diputazioaren txostenak berak onartzen du «egonkortuta» dagoela laguntza jasotzen dutenen kopurua; hasieran izan zuen gorakadaren ostean, ez da hazi.
Laguntzak ustez eragindako «eragozpenen» inguruko kritikei ere erantzun nahi die diputatu ohiak. «Izan ere, laguntza horren helburua oso oinarrizkoa da, diru pobreziari aurre egitea: jendeak jatea, kito. Bibliak esaten duen horixe; gose denari jaten ematea, besterik ez», oroitarazi du. Eta laguntza hori Gipuzkoan bakarrik ematen delako herrialdea «uharte» bat dela esatea ere ez da bidezkoa Rodriguezentzat. «Mendekotasunerako laguntzei begira ere, horien interpretazio eta prozeduretan uharte bat da Gipuzkoa. Horregatik zer egingo dituzte, kendu? Kontra egin? Ez, jakina. Astakeria bat litzateke…».
Era horretako gizarte laguntzen inguruan egon daitezkeen ikuskerak ez direla inoiz etorkinen inguruko zurrumurruak hauspotzeko erabili behar oroitarazi du Aierbek. «Aztertu behar da zer gertatzen den, eta erabili behar dira tresnak konpontzeko». Eta «etorkinentzako laguntzak» saihestu, eta gizarte osoaren onuran jartzen du xedea: premian dauden guztien abaroan. «Egoera horien aurrean, ezin da begiratu beste alde batera».
Gipuzkoako Caritasek ere ez du begi onez hartu du diputazioaren erabakia. Atzo ohar bat atera zuen horren berri emateko. Laguntzaren «planteamenduan eta metodologian» aldaketak egitea egokia izan daitekeen arren, laguntza kentzeak jende asko egoera arras zailean lagako duela ohartarazi du: «Pobreziatik babestu egiten ditu hainbat pertsona eta familia; egunerokoan bizi ahal izateko laguntza behar duten pertsonak dira». Laguntza ematearekin batera, gizarteratzen laguntzeko hainbat neurri eman behar direla esan du.