Gipuzkoako Foru Gobernuaren gardentasun falta agerian geratu da gaur Pasaiako lonjako obretan izandako irregulartasunei buruzko batzordean. Marisol Garmendia diputatuak eman dituen azalpenak urriak izan dira, ez baitu argitu zergatik isildu zituen lanen desbideratzeak, ezta zergatik bozkatu zuen gaia Fiskaltzara eramatearen kontra. Era berean, Portuko Agintaritzako presidente Ricardo Peñaren agerraldia oso kezkagarria izan da. Aitortu du 2014ean jabetu zela irregulartasunez, 2015eko abendura arte Administrazio Kontseilua jakinaren gainean jarri ez zuen arren. Gainera, Agintaritzako arduradun politiko nagusia izan arren, ez du erantzukizunik hartu bere gain.
EH Bilduren ustez, “ziurtasunak baino, zalantza gehiago utzi dituzte Garmendiak eta Peñak”. Horregatik, koalizioak iragarri du ekimen gehiago jarriko dituela abian auzia argitzeko. Besteak beste, zuzendari ohiaren agerraldia eskatu du Batzar Nagusietan eta idatzizko eskaera aurkeztu du Diputazioak gai honen inguruan dituen txosten juridiko guztiak eskuratzeko.
Garmendia eta Peña Batzar Nagusietako Lurralde Antolaketako batzordean izan dira gaur, EH Bilduk eskatuta, Pasaiako obretan agertutako irregulartasunei buruzko azalpenak emateko. Jon Albizu Alternatibako kide eta EH Bildu Gipuzkoako batzarkidearen esanetan, egoera oso larria eta kezkagarria da, Fiskaltzak salaketa jarri du epailearen aurrean eta sei delituren zantzu aipatu ditu: prebarikatzea, diru publikoa oker erabiltzea, agiriak faltsutzea, iruzur egitea, eroskerian aritzea eta ordainarazpen ilegalak egitea. Gainera, zazpi milioiko gainkostua daramate Pasaiako portuko lonjako obrek, aurrekontuan zehaztutako gastua baino %46 handiagoa.
Ustezko delitu larri horien aurrean, Foru Gobernuak izan duen jarrera iluna;onartezina dela adierazi du Albizuk. Erakunde publiko batean delitu zantzuak antzeman bezain pronto, informazio guztia herritarren, alderdi politikoen eta epaitegien esku jarri behar da. Garmendia diputatuak, aldiz, irregulartasunak zeudela abenduan jakin zuela aitortu duen arren, hilabete hauetan isildu egin da. Eta ez hori bakarrik, informazioa Fiskaltzara eramatearen kontra bozkatu zuen. Gaur ezin izan du bere pasibotasuna eta bere opakotasuna esplikatu, bere azalpenak eskasak izan dira eta bere gardentasun falta agerian geratu da. Ricardo Peñaren agerraldia, era berean, oso kezkagarria izan da. Aurrekonturik eta kontraturik gabeko obrak eta baimendu gabeko gastuak egin direla aitortu du. Hala eta guztiz ere, ez du inongo erantzukizunik hartu bere gain, Agintaritzako kargu politiko nagusia izan arren.