EH Bilduk erabaki du bertan behera uztea hauteskunde kanpainako gaurko ekitaldiak, Gasteizen gertatutako hilketa matxista salatzeko. EH Bilduk gogor salatu nahi du azken erailketa matxista, eta gertueneko babesa eta elkartasuna adierazi nahi diegu Gasteizen hildako emakumearen lagun eta senitartekoei.
Emakume bat erail, txikitu eta hondakinen moduan botatzea ez da gertaera isolatu edo salbuespeneko gisa ulertu. Indarkeria matxista patriarkatuaren DNAan dagoen indarkeria mota da, egiturazkoa, eta sistemak funtzionatzeko ezinbestekoa duen tresna; indarkeria matxista emakume eta gizonen arteko botere-harremanak mantentzeko baliabide indartsua da.
Indarkeria matxista salbuespeneko gertakizun bat ez den neurrian eta gure egunerokotasunean bizi dugun neurrian, lehen mailako arazoa da EH Bildurentzat. Horregatik, ezin genuen kanpainarekin normaltasunez jarraitu. Era horretara, erabaki dugu bertan behera uztea ekimen oro, urteotan aktibatua dugun indarkeria matxistari aurre egiteko barne-protokoloak horrela zehazten baitigu. Eta horregatik deitzen ditugu herritarrak, etzi mugimendu feministak herrietan deituko dituen elkarretaratzeetan parte hartzera.
Indarkeria matxista era askotara agertzen da; esparru sozial, politiko, ekonomiko, kultural, juridiko, sinboliko eta ideologikoan presente dago. Eta guztion ardura da jendarte eredu berriak eraikitzen hastea, herritartasun aske, burujabe eta biziak eraikitzeko. Emakumeak bizi bizi nahi dugulako, inor gure bizitzen eta heriotzen jabe izan ez dadin.
Horregatik, atzoko moduan gaur ere, gure konpromisoa adierazi nahi dugu indarkeria matxista ororekin amaitzeko, eta jendarte feminista eraikitzeko bidean, gure ekarpenak egiten jarraitzeko. Eta etziko elkarretaratze guztietan izango gara, herritarrekin batera.