“Krisi ekonomikoak eragin latzak izan ditu gizartearen sektore guztietan baina eragina latza izan da, batez ere, emakumeengan. Epe luzeko langabetuen artean emakumezkoak gizonezkoak baino gehiago dira eta, aldi berean, kobratzen duten pentsioa baxuagoa da. Faktore bi horiei beste batzuk gehitu behar zaizkie, esaterako, mendekotasunean eta umeei zuzendutako gizarte zerbitzuetako laguntzetan izandako murrizketak. Izan ere, askotan lan horiek emakumeak egiten bukatzen ditu”, salatu du Alba Fatuarte Alternatibako kide eta EH Bilduko zinegotziak Bilboko azken Osoko Bilkuran. Egoera horri irtenbide bat bilatzeko asmoz EH Bilduk plan bat martxan jartzea proposatu eta aho batez onartu da.
Krisialdi ekonomikoaren ondorioak herritarren zati handi batentzat kaltegarriak izan dira, baina datuek diotenez, emakumeek are ondorio larriagoak pairatu dituzte. Egun emakumeak gero eta txiroagoak dira eta euren bizi baldintzak gero eta gogorragoak dira: epe luzeko langabetuen artean emakumeak gizonezkoak baino gehiago dira; emakumeen bataz besteko pentsioa txikiagoa da gizonena baino; haur-eskola eskaintza murritzagatik eta mendekotasunean zein umeei edo familiei bideratutako gizarte zerbitzuetan egin diren murrizketen ondorioz, zaintza lanak emakumeen esku gelditzen dira. Ondorioz, emakumeek aukera eskasagoak dituzte lan merkatuan eta txirotasun egoeran murgiltzeko aukerak gero eta handiagoak dira, batez ere familia monomarentalen kasuan.
Jakin badakigu emakumeen txirotasunak lan merkatuan ondorioak izatez gain, etxebizitza alorrean, osasunean, hezkuntzan eta euren parte hartze sozial zein politikoan ere ondorioak dituela. Gainera, ezin dugu ahaztu, krisialdi ekonomikoa indarkeria matxistaren ondorio zuzena ez bada ere, honek areagotu egiten duela, zalantzarik gabe. Guzti honengatik emakumeen txirotasunari aurre egitea lehentasunezkoa izan beharko litzateke.
Prozesua berdintasun sailetik zuzendu beharko litzateke, baina era berean ezinbestekoa izango da udaleko beste hainbat sailekin batera lan egitea eta baita gizarte eragileekin ere zein oposizioko udal taldeena ere.