Koalizioak, beste behin ere, BBK Liverako jasotako 4 zinegotzientzako 16 bonoak eta eguneko 18 sarrerak banatuko ditu
EH Bilduk beste behin eskatu du kargu publikoek dohan jasotako sarrerak herritarren artean zozketatzea. Koalizioaren ustez, zinegotziek ez lukete sarrera horiek erabili behar “herritarrak ordezkatzeagatik pribilejio bat” dela uste baitu.
“Hau ez da, batzuk esaten duten moduan, erakundeen ordezkaritzarekin zerikusirik. Hori alkateak eta dagokion zinegotziak egin dezakete, betiere izen eta abizena daramaten sarrerekin. Guk salatzen duguna oso desberdina da. BBK Liverako ehun gonbidapen baino gehiago jaso ditugu udalean. Gure taldea 4 zinegotzik osatzen dugu eta 16 bono eta eguneko 18 sarrera jaso ditugu. Pertsona batek jaialdian erabili ditzakeen baino askoz ere sarrera gehiago dira horiek. Jakin beharko genuke nork erabiltzen dituen sarrera horiek guztiak. Horrek ez dauka zerikusirik erakundeen ordezkaritzarekin”, salatu du Alba Fatuarte Alternatibako kide eta EH Bilduko zinegotziak.
Irailean egindako proposamena
Ia orain dela urtebete EH Bilduk salaketa bera egin zuen. Irailean koalizioak, erakundeenganako konfiantza hobetzeko asmoz, proposatu zuen horrelako gonbidapenak herritarren artean zozketatzea. Gobernua osatzen duten alderdiek, EAJk eta PSEk, ezetza eman zioten proposamenari PPrekin batera.
Erantzun hori jaso arren EH Bilduk hasieratik erakutsitako jarrera berdinari eutsiko dio eta jasotako gonbidapenak herritarren artean zozketatuko ditu.