Mendebaldeko Saharan izan diren azken gertakari larriak Nazio Batuen Segurtasun Kontseilura eramango dituen galdetu dio Oskar Matute Alternatibako kide eta EH Bilduko diputatuak Espainiako gobernuari.
Joan den abuztuaren 11an indar militar marokoarrek Mendebaldeko Sahararen hego mendebaldeko La Güera herria inbaditu zuten. EH Bilduko diputatuaren arabera, “1991tik izan den gertakari larriena da hau”.
Matutek gogor kritikatu du Espainiako gobernuaren “isiltasuna”. Izan ere, duela 40 urte Marokok, Fronte Polisarioak eta Nazio Batuen Erakundeak sinaturiko akordio militarrak urratu ditu Rabateko gobernuak.
Diputatu subiranistak gogoratu duenez, Mendebaldeko Sahararen potentzia administratzailea da Espainiako estatua eta beraz, “Marokok bertan egiten duenaren erantzule ere bada”.
Besteak beste, gertakari militar larri horren aurrean publikoki adierazpenik ez egin izanaren arrazoiez galdetu dio Matutek PPren gobernuari. Ildo horretan, Rabateko gobernuari erantzukizunak eskatuko dizkion ere galdetu dio diputatu subiranistak Rajoyren gobernuari.