Gure kide eta EH Bildu Bildoko zinegotzi Alba Fatuarteren hitzartzea azken udalbatzan, Hizkuntza Eskola publikoetan euskara ikasteko plaza kopurua handitu beharraren inguruan.
Hizkuntza Eskola Ofizialen datuak aztertuz gero, argi eta garbi ikusiko dugu eskaintza oro har ez dela eskabideak asetzeko nahikoa, ez Bilbon, ezta beste herrietako eskoletan ere. Bilboko kasuan, 2015/2016 ikasturteko matrikulazio datuen arabera, 17.128 eskabide jaso ziren eta soilik 7.112 eskaintzen ziren. Hau da, 10.000 lagun inguru plazarik gabe gelditu dira Bilboko Hizkuntza Eskolan azken ikasturtean eta hauetatik 1.500 lagun ziren euskara ikasteko eskabidea egin eta plazarik gabe gelditu zirenak. Gaurko Osoko Bilkuran, Udalberrik proposatuta Hizkuntza Eskola handitzeko eskaera jorratu da eta hitz politikak baino ez dira atera gobernuaren aldetik, inolako konpromisorik gabekoak.
Datuak aztertzen baditugu, ikusten da hau hizkuntzeta guztietan ere gertatzen dela. Gainera, euskararen kasuan, kontuan izan behar dugu Bilbon euskaltegien sare zabal bat dagoela, nahiz eta oraindik auzo batzuetan, Otxarkoagan esaterako, bilbotarrek euskara ikasteko aukerarik ez duten. Edonola ere, eta Hizkuntza Eskola Ofizialera itzulita, agerikoa da, bai euskaraz eta bai beste hizkuntzatan ere, eskaintza ez dela nahikoa.
Horregatik harritu egiten gaitu gobernuak aurkeztutako emendakinean irakurtzea Jaurlaritzarekin kolaboratuko duzuela eskaintzaren egokitzapenaren inguruan, HORI BEHARREZKOA IZANGO BALITZ. Hau da, ez duzue sikiera onartzen eskaintza handitzea beharrezkoa dela eta gainera ez duzue inongo konpromisorik hartzen Jaurlaritzari eskaintza handitzea eskatzeko.
Eta nire harridurarekin jarrituz, beste kontu bat alderdi sozialistari dagokionez. Zuek gobernuko kide moduan, proposamena babesten duzue, baina kontua da, oposizioan zaudetenean askoz ere exigenteagoak zaretela gai honekin. Izan ere, Gipuzkoako Batzar Nagusietan, EHBilduren botuekin batera bi proposamen onartu dira, bata 2014an eta bestea aurten bertan, 2016ko ekainean, non Jaurlaritzari zuzenean eskatzen zaion Hizkuntza Eskola Ofizialen eskaintza handitzea, ahalik eta eskaera gehien asetze aldera. Beraz, eskatuko genizueke behintzat, gobernuan zaudetenean oposizioan bezain zorrotzak izatea zuen eskakizunekin, ze oposiziotik gauzak eskatzea ez da hain zaila; benetako erronka dator kudeatzeko ardura duzunean, horri eustea.
Edonola ere, harritzen ez nauena emendakin honen konpromiso falta itzela da. Eta ez nau harritzen, zeren EHBilduko Legebiltzarreko taldeak galdera bat egin du gai honen inguruan duela sei hilabete eskas, eta Cristina Uriarte, jarduneko sailburuak sinatutako erantzunaren arabera, Jaurlaritzak oraingoz ez du inongo asmorik eskaintza zabaltzeko.
Amaitzeko esatea EH Bilduk Hizkuntza Eskola Ofizialen beharra aldarrikatzen duela, zerbitzu publiko hau indartu behar dela uste duela, eta emendakin honetan ordea udal gobernuaren konpromiso falta besterik ez dugu ikusten. Abstentzioa izango da beraz gure bozka.