Alba Fatuarte Alternatibaren Koordinakundeko kidearen hitzak larunbat honetan ospatutako Batzar Nazionalaren harira:
Abenduan Alternatibak 8 urte beteko ditu, eta gaur, Batzar Nazionala egiten ari garela, gure ibilbidea ere ospatu nahi dugu. Horregatik, bazkari bat antolatu dugu eta ostean, guretzat oso berezia den militante baten omenez ekoiztutako dokumentalaren emanaldia egingo dugu. Juan Puerto du izena, Extremaduratik Bilbo industrialera etorritakoa. Bertan langile borrokan eta ezker politikoan militatzeaz gain, erabakitzeko eskubidearen defentsaren alde ere egin zuen. Bere ibilbide politikoak, Alternatibaren jaiotzarekin batera egin genuen apustua berresteko balio digu; hau da, Euskal Herriko ezker politikoaren batasuna eta elkarlana bultzatzea, beti ere, gizarte mugimenduekin elkarrizketan.
Apustu hau 2011n gorpuztu zen, Euskal Herria Bildu koalizioa sortu zenean. Horretan jarri genituen gure indarrak, herri honetako eskubide sozial eta politikoetan sakontzeko. Eta gaur, 5 urte beranduago, euskal ezkerraren erreferente izaten jarraitzen du, hauteskundeen emaitzek berretsi duten bezala. Edonola ere, badakigu erronka handia dugula aurretik. Izan ere, proiektu honen bidez herritar gehiagorengana heldu behar gara. EH Bildu etorkizun sinesgarri bat eskaintzeko gai izan behar da; pertsonen duintasuna, berdintasun efektiboa eta gizarte eskubideak politikaren ardatz izango dituena, eta erabakitzeko eskubidearen bidez martxan jarriko dituena, herritarren boteretzeaz gainera. Eskumaren politikak gaindituko dituen proiektua behar dugu, gure ustez, hazkundea eta oparotasuna ez datozelako aberatsak gero eta aberatsago izatetik. Erronka gehiago ditugu lorpenak baino, baina azken hauek dira ibilbide berean aurrera egiteko indarrak ematen dizkigutenak.