Hurrengo azaroaren 22an, asteartea, 18:30etatik aurrera Alternatibak hitzaldi irekia antolatu du bere Bilboko egoitzan (Casilla plaza 6, behealdea) zaintza lanaren, ikusezintasun egoera iraunkorrean eta feminizatua dagoen sektorea, egoera larria aztertzeko. Bizkaiko nagusientzako erresidentzia eta eguneko zentroetako langileen greba da gaia berriro ere mahai gainean jarri duena.
Lan gatazkatik harago doan grebaren atzean dagoen guztia azpimarratu nahian, “Lan ikusezina borrokan, erresidentziak borrokan” lemapean, solasaldiak hiru ikuspegi desberdinetatik jorratuko du gaia: Greban dauden erresidentzietako langileak eta beren lan baldintzak; erabiltzaileen egoera eta duintasuna eta, azkenik, administrazioen papera publikoa izan beharko lukeen zerbitzuaren, zaintzaren kalitatearen eta, horretarako, hauek eskaintzen dituzten langileen duintasunaren gainean.
Lehen ikuspegia eskaintzeko erresidentzietako langile bi ariko dira, ELAren ordezkariak biak, sektoreko sindikatu nagusia eta greba babesten duena. Zer nolako baldintzetan aritu behar diren eta beren aldarrikapenak zeintzuk diren azalduko dute. Bigarrenik, sortze prozesuan dagoen erabiltzaileen senideen kolektiboko kide Josu Pereak hartuko du hitza.
Azkenik, Maria del Rio Gipuzkoako Foru Aldundiko Politika Sozialeko zuzendari ohi eta Alternatibaren Koordinakunde Nazionaleko kideak hitz egingo du. Azpikontratutako edo pribatizatutako sektore batean ere erakunde publikoek dute erantzukizuna izango du hizpide, langileen eskubideak babestu zein zerbitzuaren kalitatea bermatzeko. 2013an Gipuzkoako erresidentzietako langileen greba gertatu zenekoa gogora ekarriko du, Bilduren gobernuak langileen eskakizunak babestu zituelako, egun Bizkaiko gatazkan PNVren gobernuak egiten duenaren kontra, ardura oro baztertu egiten baitu.