Alternatibak “Juan Puerto Morcillo, de Calamonte a Arangoiti” dokumentalaren proiekzio zikloa antolatu du hurrengo abenduaren 13an eta 15ean Gasteiz eta Irunen, hurrenez hurren. Calamonten (Extremadura) 1938an jaioa, eta 60ko hamarkadan Bilbo industrialera etorria, egun Alternatibaren militante Juan Puerto Morcilloren ibilbideari eskainita dagoen metraje ertaina da, langile borrokan eta ezker politiko klandestinoan sartu ez ezik, erabakitzeko eskubidea defendatzen duen borroka ere bere egin zuena.
Erreportaje biografiko honek, errepublikar familia baten baitan gerraosteko garaian igarotako Puertoren haurtzarotik, kontzientzia sozial eta politikoa bereganatu artekoak jasotzen ditu. Paraleloki, historia honek duela orain 8 urte Euskal Herriko ezker subiranistaren indartzea eta bateratzea ahalbidetzeko jaio zen erakunde berri, Alternatibaren eta erakundea osatzen dutenen bidea irudikatu nahi du. Aldi berean, Juan Puertori eta bera bezala garai latzetan haien ideien alde borrokan ibili ziren guztientzako omenaldi bat ere izan nahi du; atzo, gaur eta biharko ezker militante guztien isla izango direnak.
Lehenengo saioa abenduaren 13an, asteartea, Gasteizko Landatxo Gizarte Etxean (Santamaria kalea 4) izango da 19:00etatik aurrera. Proiekzioaren ostean, eztabaidarako txanda irekiko da iparraldera migratu eta herri honetako kaleak eta lantegiak duintasunez bete zituzten pertsona guzti horien ausardia nabarmendu nahian. Bigarren emanaldia abenduaren 15ean, osteguna, Irungo Ateneo Kabigorrin (Peña kalea 1) egingo da 19:00etatik aurrera ere bai.