Haurren hazkuntza eta hezkuntzan, bitarteko naturala da jolasa. Jolasen bidez sozializatzen dira, ikasten dute taldean aritzen eta norbanako izaera osatzen joaten zaie. Jolasteko ordea, jostailuak erabiltzen dira, eta hauek haurren nortasunaren garapenerako ezinbestekoak dira. Jostailuekin jolastuz, haurra norbere identitatea eraikitzen astearekin batera, besteekiko pertzepzioa, harremantze-modua eta jendarteratzea lantzen da.
Horregatik da garrantzitsua oso, jolasaren hautaketa, jakinda haurraren interesa, kanpoko eraginak eta gure asmoak, guztiak kontuan hartu behar ditugula. Ez dago jolas onik edo txarrik, jolasaren erabilerak baitira onak edo txarrak, izatekotan. Era berean, ez dago neska edo mutikoentzat den jolasik, izatekotan, jolas jakinak neskei edo mutikoei eskaintzen baitizkiegu; eta kasu hauetan, maiz asko generoei esleitutako rolak eta aurreiritziak indartzen ditugu.
Horregatik estereotipoak eta rolak gaindituz, umeak berdintasunean, askatasunean, solidaritate eta elkartasun baloreetan hazi eta hezi ditzagun, opariak ere irizpide horiei eutsita erosteko proposamena egiten dugu EHBildutik.
Hausnarketa sustatu nahi dugu gure herrietan, eta udalerriei urte osoko lanketa proposatuko diegu, herriko guraso elkarte, ikastetxe, merkatari elkarte, aisialdi talde eta herri mailako lanketa kolektiboa bultzatzeko hausnarketa eta lanketa partekatuaren bidez, beste kontsumo eredu batzuk bultzatu eta sustatu ditzagun, gure umeekin ere.