Luis Salgado: “Gizarte Zerbitzuen Foru Diputatuaren agerraldia eskatu dugu kudeaketa negargarri honen azalpenak eman ditzan, baita legea ez betetzeak izango dituen ondorioak eta arriskuak ere”
Zerbitzu sozialen berrantolaketan eta finantzazioan Foru Gobernuak inposatu duen bi urteko atzerapena arriskutsua dela ohartarazi du EH Bilduk. “Foru Gobernuak aldebakartasunez bi urteko luzapena ematea oso larria da eta gai honen kudeaketarako gaitasun eza agerian utzi du”, azaldu du Alternatibako kide eta Arabako Batzar Nagusietako EH Bilduko eledunak, Luis Salgadok.
Gogoratu duenez, gaitasun eza behin baino gehiagotan salatu du EH Bilduk eta luzapen honek bere kezka guztiak baieztatu ditu. Baina horrez gain, udalerriak ere arriskuan utziko ditu erabaki honek kudeaketa eta finantzazioari buruzko egin beharreko onarpenak udalerriek euren gain hartzea ekarriko du. Zentzu horretan, Legeak ez betetzearen erantzukizuna udalerriek esku egongo da orain, nahiz eta kudeaketa hori nola egin behar den eztabaidatzeko aukerarik ez izan.
“Arduragabekeria izan da Foru Aldundiaren jokabidea. Guk egindako kritiken aurrean, behin eta berriz dena kontrolpean zuela esan du eta epe laburrean zalantza guztiak argituko zituen proposamen bat egingo zuela esan du. Baina azkenean, Aldundiaren proposamena bi urteko luzapena eskatzea izan da”, laburbildu du Salgadok.
Hori guztia ikusita, EH Bildutik Zerbitzu Sozialen Foru Diputatuaren zein GOFEren Zuzendariaren agerraldia eskatu ditu kudeaketa negargarri honen azalpenak eta erabaki honek izan ditzake ondorioak eta arriskuak azal ditzaten.