Otsailaren 13a Euskal Herrian torturak pairatu dituzten euskal herritar guztiak gogoratzeko eguna dugu. Izan ere, 1981. urtean, gaurko egunez, Joseba Arregi hil zen Espainiako poliziaren eskutik 9 eguneko tortura saio lazgarriak pairatu ostean.
Tortura errealitate ukaezina da gure gizartean. Milaka dira izan diren salaketak, beste horrenbeste torturak salatzeko kalean eta instituzioetan egindako ekintzak, Pako Etxeberria mediku forentse ezaguna txosten zabala prestatzen ari da izandako torturen inguruan eta gizarte zibilak ere bere datuak bildu ditu. Euskal Memoria elkarteak egindako azterketaren arabera, azken hamarkadetan 5.667 tortura kasu izan dira azken hamarkadetan.
Espainiako estatuak tortura salaketak sistematikoki ukatu izan dituen arren, torturak izan dira. Horren lekuko dira milaka euskal herritar eta haien senide eta lagunak. Martxoan lau guardia zibil epaituko dituzte, Sandra Barrenetxeari egindako torturengatik.
Torturak pairatu dituzten herritarrek egia, justizia eta erreparazioa behar dituzte. Lehenik eta behin, aitortu egin behar zaie torturak pairatu zituztela, eta euskal gizartean baldintzak ezarri behar dira, berriro drama hori errepikatuko ez dela ziurtatzeko.
Estatuaren giza eskubideen urraketak, terrorismoa eta bortizkeria gogoratzea kriminalizatzen den honetan berresten dugu tortura pairatu dituzten herritarrek bizitako drama. Eta hori aitortua izateko lanean jarraituko dugu.