Sektorea liberalizatzeko dekretua ezarri eta aste gutxira, eta langileak mobilizazioak prestatzen ari direla, Alternatibak hitzaldiak antolatu ditu Donostian eta Bilbon, Europako zein Espainiako araudi berriek Bilbo eta Pasaiako portuetan izango duten eraginaz aritzeko.
Zamaketarien sektorean 700 lagun inguru aritzen dira gaur egun gure portuetan (ia 500 Santurtziko kaian eta 200etik gertu Pasaian) eta eztabaida sozialaren erdigunean kokatu dituzte azken egunetan, pribilejiodunak ere direla esateraino. Hala, solasaldietako aztergaia izango da ere desberdintasunak nagusi diren sistema batean, non gehiengoak lan baldintza eta eskubide sozialetako asko galdu dituenean, eskubideei eutsi dietenen edo borrokatzen direnen kontra egiten den.
Lehenengo hitzaldia martxoaren 9an egingo da, Alternatibaren Donostiako egoitzan (Autonomia 16, behealdea) arratsaldeko 19:00etan. Bertan, LABeko kide eta Estiba Pasaiako langile batzordeko presidente Jose Angel Izquierdok hartuko du parte, Alternatibako bozeramaile eta EH Bilduko kongresuko diputatu Oskar Matuterekin batera. Azken hau Bilboko solasaldian ere egongo da, Bilboko Portuko langileen ordezkari batekin. Martxoaren 20an izango da, Alternatibaren Bilboko egoitzan, 19:00etatik aurrera.