Alternatibaern Koordinakunde Nazionaleko ordezkaritza batek bisita egingo die gaur goizean Sarrikue egoitzaren aurrean protestan ari ziren Bizkaiko erresidentzietako langileei, beren aldarrikapenak bertatik bertara ezagutzeko dagoeneko 120 egunetik gora luzatu den grebaren harira. Besteak beste, Oskar Matute diputatuak, Alba Fatuarte Bilboko zinegotziak eta Diana Urrea legebiltzarkide ohiak hartuko dute parte agerraldian. Haiekin batera, Ander Rodriguez Gipuzkoako Politika Sozialeko diputatu ohia eta Maria del Rio departamentu bereko Planifikazio zuzendaria izango dira, bisitaren harira hedabideen aurrean adierazpenak eskainiko dituztela.
Gaurkoan, borroka luzean diharduten erresidentzietako langileei Alternatibaren babesa agertzera etorri gara. Erresidentzietako langileen duintasunaren eta, ondorioz, zaintzak jasotzen dituzten erabiltzaileen duintasunaren alde egitea zilegi da eta, gainera, egingarria. Hala egin genuen Gipuzkoan antzeko gatazka gertatu zenean. Grebaren ondorioz sektoreko enpresek erabiltzaileen zein langileen lepotik are gehiago aberastea ekidin beharko litzateke eta ekidin daiteke. Hala egin genuen Gipuzkoan.
Aski da beste alde batera begiratzeari. Aski da sindikatuei beren lana egitearren zigortu nahi izateari. Aski da langileen aurrean harropuzkeria agertu eta enpresen aurrean -zaintza bezalako oinarrizko zerbitzuarekin aberasten ari diren enpresen aurrean- otzan agertzeari. Langile gehienak emakume diren sektoreaz ari garelako dirau bizirik gatazka hau, 120 egunetik gora luzatu den greba egin arren, ikusezina den errealitateaz ari garelako. Zaintza ikusezina baita, eta batez ere, emakumeena. Gatazka honek aurrera dirau Bizkaiko Aldundiak ezer egiten ez duelako.
Alternatibatik ardura exigitzen dugu. Rementeria jauna, gatazka honetan inplikatzeko garaia duzu. Aitortu ezazu erresidentzietan zaintza lanetan ari direnak baldintza prekarioetan daudela; aitortu ezazu erabiltzaileek, gutako edozein bizitzaren azken fasean, zaintza duina merezi dutela. Eta aitortu gauzak biak eskutik doazela. PNVri exigitzen diogu gatazka honetan inplika dadila, eta lotsagarria den gehiegikeriarekin amai dezala, alegia, zaintza sektorekin prekarietatearekin enpresek aberastea amai dadila.
http://www.alternatiba.net/old-files/P1180937.JPG
http://www.alternatiba.net/old-files/P1180861.JPG
http://www.alternatiba.net/old-files/P1180873.JPG