Ezin dugu onartu; edo haien kapitalaren biderkatzea edo gure bizitzarena. Kapitalaren jarioaren menpe bizi, edo ekonomia errotik eraldatu hobeto bizi ahal izateko. Horregatik, beharrezkoa da maiatzaren lehena langile guztien aldarrikapen jaia bihurtzea, eredu sozial berri baten alde. Langileria, enplegu bat dutenekin batera, lan asko egin, baina ezer irabazten ez duten pertsonek osatzen dutelako; langileek osatzen dute, baina baita baserritarrek ere, baldintza beretan; feministek eta ekologistek osatzen dute, soilik ikuspuntu hauek bermatzen dutelako bizitzaren jasangarritasunaren nahia ase egingo duen erantzun erreal eta eraginkor bat. Soilik borroka guzti hauek agenda komun batean jasota, aurre egin ahal izango diogu egoera larri honi.
Maila guztietan gauzatutako eraso guzti hauek, erantzuna behar dute, proportzionala eta artikulatua. Pertsonak, borrokak eta ametsak artikulatuko dituena, guztiak barneratuko dituen agenda antikapitalista, feminista, ekologista, subiranista, eta antiarrazista batekin. Alternatibatik berriz ere, inoiz baino arrazoi gehiagorekin, Euskal Herriko ezkerren bateratze baten alde egiten dugu -alderdiena, sindikatuena, gizarte mugimenduena- borroka eta konfrontazio logika baten barnean. Inor ezin da alde batera gelditu sistema honi buelta emateko, hauxe da Alternatibak maiatzaren lehenean azpimarratu nahi duen mezua. Ezin ditugu borroka batzuk besteen aurretik jarri, guztiak bizitza defendatzeko beharrezkoak baitira.
Horregatik, kapitalari aurre egiteko, berebizikoa da eragileen arteko batasuna sendotzea, gaurtik bertatik bizitzaren jasangarritasuna bermatuko duen alternatiba sozialista bateranzko trantsizioaren alde lan eginez. Batasuna bai, aniztasunean. Beharrezkoa da, premiazkoa da.
Maiatzen lehen barneratzaile, borrokalari eta antisistema baten alde. Gora Maiatzaren Lehena! Gora Euskal langileria!