Alternatibak bere kezka adierazi du Cosco Shipping Ports transnazional txinatarrak Bilboko Portuaren kontainer terminalaren %51 erosi izanagatik. Alderdiko bozeramaile eta EH Bilduko diputatu Oskar Matuteren ahotan, euskal portuetako azpiegitura nagusienetako baten salmentak “mahai gainean jartzen du PPk bultzatu eta PNVk babestutako zamaketaren sektorea erreformatzeko dekretuaren benetako helburua: sektorea liberalizatzea eta herritarrei duela gutxira arte publikoak edota bertoko kapitalekoak ziren baliabideak ostea”.
Ildo beretik, Matutek Grezian gertatutakoa jarri du Espainiako estatuan eman daitekeenaren adibide, “Greziako portuak estatuaren jabetzakoak izatetik esku pribatuetara pasa dira”. Pireoko portua, hain zuzen, Cosco multinazionalak berak erosi du eta, bertan, “Bilboko Portuaren parte baten jabe berriak, beren langileei baldintza latzak ezartzen dizkie; miseriazko soldatak, lanaldi amaiezinak eta inolako formakuntzarik ez egin beharreko lan arriskutsua aurrera eramateko”. Are larriagoa da, izan ere, errealitatean “sindikatu zein lan hitzarmenik ez dago eta, ondorioz, pobrezia, segurtasun eza, lan baldintza eskasak eta duintasun falta ugaritzen dira”.
Grezian gezurretan aritu ziren portuak pribatizatuko zirela ukatzen zutenean, eta modu berean ari dira orain Espainiako gobernutik, diputatu ezkertiarraren esanetan, “zamaketaren erreforma Europako Batzordearen isunari irtenbidea emateko zela dionean”, eta gezurretan ari da ere, “zamaketariak kriminalizatzen dituztenean, gizartearen kontra jarri nahian kartel edo klan pribilegiatua bailitzan, haien lanpostuen duintasunaren alde borrokan ari diren pertsonak baino ez direnean”. Borroka honek, azken egunotan egindako greba egunekin erakutsi duten bezalaxe, “gaitzespena baino, gure babes eta miresmen osoa merezi du”.
Matutek gogoratu duenez “herri bat eraiki nahi duen orok, ezin die portuak bezalako azpiegitura estrategikoei uko egin. Burujabetzaren aldekoa zarela esatea eta, aldiz, zure herria transnazionalei zatika saltzen ibiltzea iruzurra da”. Zentzu horretan, salatu du ere “engainatzea baino are okerragoa dela euro gutxi batzuen truke herritarrek merezi duten etorkizuna galaraztea”.
Azkenik, Alternatibatik estatu mailako eta euskal administrazioak Coscoren aldetik euskal portuetan eman daitezkeen edozein lan eskubideren urraketa ikertzera premiatu ditu. Aldi berean, herritarrak eta eragile sozialak deitu ditu “zamaketariak bezala, erne eta borrokarako prest egotera gure portuetako lan baldintza duinen alde, hala nola herri burujabea eraiki ahal izateko gakoak diren azpiegitura publikoei eusteko”.