Berdintasun efektiboaren aldeko borrokak, jaietan parte hartzerakoan ere bai, iaz hogei urteren muga psikologikoa gainditu zuen, lehenengo aldiz, hainbat emakumek Irungo Alardean parte hartzeko eskaera egin zutenetik eta udalaren ezezkoaren aurrean, aldebakartasunez parekidetasuna gauzatzea erabaki zutenenik. Gaur, bi hamarkada beranduago, oraindik ere egoera normalizatzeko saiakerak egiten dira, baina emandako aurrera pausoen gainetik, Irungo Alardean diskriminazioa dirau, are larritasun gehiagorekin Hondarribiko Alardean. Larriena da aldiz, instituzio publiko eta hauen ordezkariek egoera hau onartu ez ezik, haien ekintzekin gizartearen erdia, emakumeak, baztertzea babesten dutela.
Horregatik, herritarrei Alarde parekidean parte hartzera edota bera kalean babestera deitu ez ezik, Alternatibatik berriro ere salatu nahi dugu bihar, Irungo alkate Jose Antonio Santanok (PSE), Gipuzkoako Diputatu Nagusi Markel Olanok (PNV) eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk parekidetasunari bizkarra emango diotela. Santanok alarde baztertzaileari harrera egingo dio eta emakumeek eta gizonezkoek osatutakoari begiratu ere ez die egingo. Olano ere ez da bertan egongo; bere “ekarpen” handia izan da dekretatzea alardeen afera ez dagokiola genero desberdintasunari baizik eta bizikidetzari, kaltetuak beren herriko jaietan berdintasunean parte hartzeko aukera galarazita dutenak emakumeak izan arren. Eta Urkulluk, berriro ere esango du aski duela bere gobernuaren izenean Emakunde bertaratzearekin, eta inongo edukirik gabeko planak iragarriko ditu benetan konpondu nahi ez duen gatazka konpontze aldera.
Bihar, Udala, Aldundia eta Eusko Jaurlaritza berdintasun eza estrukturalaren eta diskriminazioaren konplize izango dira. Eta halako lotsagabekeriaren aurrean mezu argia helarazi nahi diegu: Aski da! instituzio publiko batek arrazakeria, xenofobia, indarkeria eta bortxaketa babestu ezin dituen modu berdinean, ezin du Alardeetako diskriminazioa bermatu. Santano, Olano eta Urkullu jauna, zuen presentzia falta, zuen isiltasuna eta zuen gelditasuna, indarkeria estruktural horren eta emakumeek bizi duten berdintasun eza horren parte dira ere bai.
Gure hiriko kaleak eta jaiak gureak ere badira. Gora emakumeak alardean!