Gure kide Oskar Matuteren hitzaldia Diputatuen kongresuan Mariano Rajoyren agerraldiaren inguruan.
Gaur Rajoy jauna, zure alderdiaren ustelkeria auzi eta afera guztiak gogoratuko nizkizuke baina bi egun beharko nituzke eta bi minutu baino ez ditut. Bi egun beharko nituzke zure sei urteko agintaldiko ustelkeria guztia zerrendatzeko.
Ustelkeria zure alderdikideek jasotako gainsoldatak dira, diru beltza, B kontabilitatea eta sakeleko telefonotik botatako “Luis se fuerte” hori.
Ustelkeria da zure alderdia Gürteleko trajeekin janztea eta zuk barkamenik ez eskatzea, ezta plasmazko telebista bidez ere.
Ustelkeria dira Punica-ko zure morroiak, %3-ko komisioak eta kapitalen zuriketa.
Ustelkeria da Catalunya operazioa, espioitza sarea eta funts publikotik ordaindutako katalan herriaren aurkako gerra zikina.
Ustelkeria da Bankia eta Caja Madriden espoliazioa.
Ustelkeria da guk ez jakitea zuek agintzen duzuen Espainia Berlangaren filme batean bizi den ala El Padrinoren beste batean bizi den.
Ustelkeria da Genova kalean disko gogorrak mailukadekin desagerraraztea eta zure diruzaintzako paperak birringailuan txikitzea.
Ustelkeria da Alderdi Popularra talde kriminala izatetik gertuago egotea alderdi politiko izatetik baino.
Ustelkeria da mafian bezala, zuen burua babesteko darabilzuen isiltasuna.