Aurten Aurten berrogei urte bete dira PCE Espainiako Alderdi Komunista legeztatu zutenetik. 1977ko apirilaren 9an izan zen, Aste Santuko oporraldiaren erdi-erdian, Pazko bezperan —larunbat santu gorria deitu izan diote egun hari—. Zenbait historialariren aburuz, eguna ez zuten ausaz aukeratu: Espainiako gobernuburu Adolfo Suarezek bazekien erabaki zaila zela, espero izatekoa baitzen Espainiako Armadako buruzagi frankista asko kontra agertuko zirela.
Hala hasten da BERRIA egunkariko kazetari Gotzon Hermosillak berriki argitaratutako erreportajea, “Larunbat gorri hura”. Bertan, alderdi komunistan militatu zuten hainbat lagunen oroitzapenak jasotzen dira, tartea, Alternatibako kide Begoña Vesgarenak. Artikulua osorik irakurtzeko, esteka honetan topatuko duzu, gurea Vesgari dagokzion paragrafoak hartu ditugu.
Begoña Vesga ere (Quintanilla San Garcia, Espainia, 1951) EPK-ko kidea izan zen 1970eko hamarraldian, haren ibilbidea desberdina izan bazen ere: PCE(i) Espainiako Alderdi Komunista Internazionaleko kidea izan zen Eibarren (Gipuzkoa) —Roberto Perez Jauregi, Burgosko auziaren kontrako protestetan Guardia Zibilak 1970eko abenduan hildako gazte eibartarra, zelulako kide izan zuen—, eta 1971n hilabete batzuk eman zituen espetxean.
Espetxetik irtendakoan, PCEra gerturatzen hasi zen: «Alde batetik, nire bikotekidea PCEkoa zen; bestetik, PCE(i)-koak oso maximalistak ziren zenbait kontutan, eta gaizki hartu zuten ni espetxetik atera ahal izateko gurasoek diru bermea ordaindu izana; eta, batez ere, ni oso minduta sentitu nintzen Roberto Perez Jauregiren hilketaren inguruan hartu zuten jarrera zela eta. PCE(i)-k bazuen klandestinitatearen kontzeptu oso estua, eta urte asko igaro arte ez zuten Roberto alderdiko kide gisa aitortu. Horrek mindu egin ninduen».
Legeztatzea
Oporraldia izanik, Vesga ere bidaian harrapatu zuen albisteak, Zaragozan (Espainia). «Autoan geunden, eta irratian entzun genuen berria. Itzuliko bidaia osoa ikurrina autoan eskegita generamala egin genuen, ospatzeko».
Vesgaren ustez, «berandu» iritsi zen legeztatzea: «Gainera, PCEren ezkerrean talde pila zegoen, eta, nire ibilbideagatik, talde haietako jende asko ezagutzen nuen. Kritikatzen zuten PCEk legeztatzea onartu izana beste batzuk oraindik legez kanpo zeudela jakinda, eta ni ere kritikoa nintzen».
Legearen bermea lortuta, PCEk aurkezterik izan zuen 1977ko ekainaren 15eko lehenengo hauteskundeetan, beste indar batzuek ez bezala. PCEk uste zuen gizarteak saritu egingo zuela frankismoaren garaian erresistentziaren suziriari eutsi izana. Baina gauzak oso bestela gertatu ziren, eta PCEren emaitzak kaskarrak izan ziren. Hego Euskal Herrian, esaterako, EPK-k ez zuen diputatu bakar bat ere lortu, 50.000 botoren langa ozta-ozta gaindituta.
1977ko urriaren 15 eta 16an, lehenengo jaialdi handia egin zuen PCEk Madrilen. Euskal komunistak ere han izan ziren; hangoa da erreportaje honetan ageri den argazkia. «Gogoan dut [PCEko orduko idazkari nagusi] Santiago Carrillok hitz egin zuela, eta denbora gehiago eman zuela Moncloako Ituna defendatzen beste ezertan baino», esan du Vesgak. «Hura arraro egin zitzaidan».
Ikuspegi kritikoa
Espainiako historia ofizialean, «eredugarritzat» jo izan dute trantsizio prozesua, eta urte askoan PCEk, eta Carrillok bereziki, prozesu horretan izan zuen parte hartzea laudatu eta goraipatu izan dute historialari eta kazetariek. Azken urteotan, baina, agertu dira Espainian trantsizioaren irudi idiliko hori, konstituzioa eta 78ko erregimena ezbaian jartzen dituzten ahotsak, eta bitxia da ikustea gaur egungo PCE bat datorrela trantsizioaren ikuspegi kritiko horrekin.
Vesga kritikoa zen garai hartan, eta hala da egun ere: «Trantsizioan galga jarri zieten PCEren zenbait planteamenduri; Espainiako ikurrarenari, adibidez. Gainera, PCE oso maximalista zenez, bat-batean bandera monarkikoa alderdiaren egoitza guztietan jarri behar zen, eta nik ezin nuen hori eraman; ni baino gehiago zen. Esaten zuten gure printzipioei ez geniela uko egiten, baina, azken buruan, nik uste dut baietz, uko egin zitzaiela, eta historia da lekuko: itunaren eta onarpenaren bide horretan sartu ginen, eta hortik indar frankistek baino ez zuten onurarik atera».
1979ko udal hauteskundeetan, zinegotzia izan zen Vesga Ermuan (Bizkaia) EPKren zerrendetan. Egun, Alternatibako kidea da, eta, EH Bilduko ordezkari gisa —koalizio horretako partaide da Alternatiba—, zinegotzi izan zen Eibarren 2011tik 2014ra. «Nire gune naturala dela uste dut», azaldu du. «Oso eroso sentitzen naiz beste zenbait sentsibilitatetako jendearekin ezkerraren batasuna eraikitzeko ahaleginean».