EH Bilduk Nekane Alonso Kultura zinegotziaren agerraldia eskatu du azalpenak eman ditzan Bilboko Bilbao Bizkaia Museoko komunikazio teknikaria aukeratzeko prozesuaren inguruan. Bilboko Erreprodukzio Museoa eta Bilboko Euskal Museoa barnebiltzen dituen erakundea, hain zuzen ere.
Lan eskaintza prentsan argitaratu zuen, ekainean, Campo Ochandiano enpresak, zein erakunderentzat zela zehaztu gabe. “Bilbon dagoen izaera publikoko erakunde kulturala” zela bakarrik zehazten zen. Azken asteetan, EH Bilduk jakin ahal izan du Bilbao Bizkaia Museoak erakunderako zela; Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Aldundiaren Kultura sailen menpe dagoen erakundearentzat, hain zuzen ere.
Alba Fatuarte Alternatibako kide eta koalizioko zinegotziak azpimarratu du “lanposturako eskakizunen artean komunikazio arloko unibertsitate titulazioa eskatzen dela ikusentzunezko komunikazio master batekin batera, nahiz eta ohikoena izan masterra meritotzat hartzea soilik. Era berean, lanposturako beharrezko euskara ezagutza eskatzen da, nahiz eta horrelako postuetarako erakunde publikoek C1 edo EGA eskatu”. Azkenik, “erakusketen komunikazioa eskarmentua” eskatzen da. Ohikoena izaten da antzeko lanpostuetan zenbait urtetako eskarmentua izatea.
Fatuartek salatu du deigarria dela “publikoki ez azaltzea zein erakundetarako den lan-eskaintza, euskara maila edo beharrezko esperientzia ez zehaztea eta bai azpimarratzea master zehatz bat behar dela. Elementu horiek argi uzten dute aukeraketa ez dela berme guztiekin egiten ari, erakunde publiko batean beharrezkoak diren diskriminazioa eza eta gardentasuna bermatuz”.
Agerraldi eskaera
Hori dela eta, EH Bilduk azalpenak eskatu zizkion Udaleko kultura arduradunari abuztuaren hasieran. Gaur egun, oraindik, informazio hori ez da eman. Beraz, EH Bilduk Nekane Alonso Kultura zinegotziaren agerraldia eskatu du hautatze-prozesu horren inguruko azalpenak eman ditzan.