Josu Estarrona Alternatibako kide eta EH Bilduko legebiltzarkideak salatu duenez, onartezina da Turismo Saileko kabinete zuzendaria Kataluniako autonomia interbenitzearen alde agertzea, lehendakariak zehaztutako Jaurlaritzaren iritzi ofizialaren aurka.
EH Bilduko legebiltzarkide Josu Estarronak Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko Kabinete zuzendari Andoni Unzalu berehala kargutik ken dezala exijitu dio Jaurlaritzari, Euskadi Irratian Konstituzio espainolaren 155. artikulua Katalunian aplikatzearen eta hango autonomia bertan behera uztearen alde agertu izanagatik. Estarronaren aburuz, 155. artikuluaren defentsa egitea ez da bateragarria Lakuan goi mailako kargu bat betetzearekin, iritzi hori lehendakariak berak gaur bertan berretsi duen Jaurlaritzaren posizio ofizialaren aurkakoa delako. Are gehiago, Lakuako bozeramailearen erantzunak arrazoia eman dio, berez, Estarronari, ezagutzera eman baitu Etika Publikorako Batzordearen ebazpen batek argi utzi duela Unzalu bezalako goi kargu batek ez duela adierazi behar Gobernuaren jarrera politikoekiko desadostasunik hedabideetan.
Estarronak salatu du Jaurlaritzako kide bat 155. artikuluaren aplikazioaren eta autonomiak interbenitzearen alde agertu izana, eta, ildo horri jarraituz, EAJri egotzi dio “PSE gobernukide izatea, nazio aniztasuna defendatzen duela esaten duen baina gero di-da batean 155. artikulua aplikatzen duen alderdi batekin gobernatzea”.