Kataluniako Errepublikako erakundeen ordezkari legitimoen kontrako azken erasoen aurrean, gobernuko zortzi kontseilarien atxiloketa edota alderdiak legez kanpo uzteko mehatxuak, Alternatibaren Koordinakunde Nazionalak honakoa adierazi nahi du:
1. Gure elkartasuna atzo atxilotutako Kataluniako Generalitateko gobernu demokratikoaren ordezkariekin, baita atxilotu nahi dituztenekin eta, noski, duela aste batzuk atxilo sartutako ANC eta Omnuim Cultural mugimendu herritarren ordezkariekin.
2. Era berean, egunotan zabaldutako mehatxu larrietan irakur daitekeen alderdi jakin batzuk legez kanpo uzteko asmoa arbuiatzen dugu, abenduaren 21eko hauteskundeak manipulatzea helburu dutela.
3. Indar demokratiko guztiei dei egiten diegu, errepresioaren aurkako fronte zabala osatzeari begira. Ez gara ari independentismoa babesteaz, baizik eta oinarrizko oinarri demokratikoei eusteaz inolako mugarik gabe eskubideak zapaltzen dituen estatuaren aurrean.
4. Azkenik, Alternatibatik, herritarrei dei egiten diegu, Euskal Herriko kaleak bete daitezela bihar Bilbon eta igandean Iruñean egingo diren manifestazioetan, atxiloketen eta 155. artikuluaren aurrean, eta Kataluniako herriaren alde. Tamalez, ezarritako neurriak (atxiloketa politikoak, alderdiak legez kanpo uztea, hauteskundeetan iruzurra baliatzea, zapalkuntza poliziala…) ez dira ezezagunak herritarren gehiengoarentzat eta, horregatik, are beharrezkoagoa da euskal herritarrek irmo erantzutea atzeraldi demokratikoan murgilduta dagoen estatu ustel bati.