Pertsona migratzaileen nazioarteko eguna izendatu zuen abenduaren 18a NBEk 2000. urtean, migrazioak gizateariaren garapenari egindako ekarpena azpimarratzeko. Alternatiba zein EH Bildutik bat egiten dugu egun honekin, pertsona guztiek migratzeko eskubidea dutela eta norberaren sorterrian modu duin eta askean bizitzeko eskubidea dutela aldarrikatzeko.
Arrazoi ekonomikoak, politikoak, kulturalak eta sozialak tarteko, euskal herritar asko eta asko munduan zehar barreiatu dira; aldi berean, arrazoi berengatik jatorri ezberdinetako pertsonak Euskal Herrira heldu dira. Horrenbestez, pertsona migratzaileak gure herriko parte dira, eta ekarpena egiten diote gure garapen kultural, ekonomiko eta sozialari. Hala ere, errepresioan oinarritzen diren Espainiako eta Frantziako estatuetako eta Europako Batasuneko migrazio politikek pertsona migratzaileen eskubideak urratzen dituzte. Atzerritartasun eta naziotasun lege xenofobo eta diskriminatzaileek ere bai; hain justu, horiek dira pertsona migratzaileen eskubide urraketen adierazgarri nagusiak.
Euskal Herrian bizi diren pertsona guztien eskubide, obligazio eta aukera berdintasuna bermatuko duten justizia sozialean oinarritutako politika humanitarioak ezarri ahal izateko, burujabetza aldarrikatzen dugu. Burujabetza eta eskumenak aldarrikatzen ditugu, eskubideak urratzen dituzten murrizketak ez ezartzeko. Hala nola, “erregulatu gabeko” administrazio egoeran dauden pertsonei Osakidetzak arreta eman ezin ez izatea agintzen duen Auzitegi Konstituzionaleko epaia, era horretara euskal herritar guztientzat aldarrikatzen dugun osasun arretarako unibertsaltasun irizpidea urratzen duten PPren murrizketak onetsiz. Auzitegi bera da, hain zuzen, Nafarroak botiken berrordainketa bere gain hartzea galarazi nahi duena, egoera zailenean dauden pertsonei kalte nabarmena eraginez.
Bere jatorriagatik edozein pertsona diskriminatzen duten arauen edo praktiken aurkako gure jarrera azaldu nahi dugu EH Bildutik, pertsona migratzaileen nazioarteko egun honetan. Zentzu horretan, Bilboko Portuan egin duten harresia salatzen dugu, pertsona errefuxiatuei alde batetik bestera mugitzeko eskubidea urratzen dielako eta Euskal Herria harrera herria izan behar denaren gure ustearen aurka doalako.