Alternatibak “Jaizkibel konpainia” komikiaren aurkezpena egingo du Eibarren eta Bilbon. Liburuak Hondarribiko alardearen historia jorratzen du, jatorrizko gertaera historikoetatik abiatuta, irailaren 8an urtero gogora ekartzen direnak, eta azken hamarkadetan herriko jaiak parekidetasunean bizitzeko hainbat emakume eta gizonek abiatutako borrokarekin amaituta.
Egilea, Iñigo Goicocechea “Galgó” marrazkilari hondarribiarra, aurkezpen ekitaldietan izango da, eta ikerketa lanaren zein sorkuntza grafikoaren berri emango du. Komikia auto-edizioaren bidez argitara eman da, besteak beste, Alternatiba bezalako eragileen laguntzarekin, Jaizkibel konpainiaren borrokarekin aspalditik agertutako konpromisoarekin bat eginda.
Eibarreko ekitaldia bihar, hilaren 28an, osteguna, egingo da, herriko Portalea aretoan (Bista-eder kaleko 10. zenbakiko behealdean) arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Bilboko saioa aldiz, urtarrilaren 11an egingo da, Hika Atenenoan (Ibeni Kaia 1) hain zuzen eta ordu berean, 19:00etan, hasita.
Ekitaldiotan komikia erosteko aukera izango dute bertaratutakoek. Salmentarekin bildutako dirua, osorik, Jaizkibiel Konpainiarentzat bideratuko da. Informazio gehiago nahi dutenek edota egilea elkarrizketatu nahi duten hedabideek, aski dute Alternatibaren komunikazio taldearekin harremanetan jartzea.