Alternatibako Mahai Internazionalistak poztasun handiz hartu du Mateo Gutierrez Leon gazte kolonbiarraren absoluzioa. Ikasle honek ehunka egun eman ditu preso muntai judizial baten ondorioz, 2015eko irailean, Bogotan, lehergailu bat eztandarazi izana leporatuta, inolako frogarik ez bazuten ere, azkenean epaitegietan demostratu izan denez. Epaileak agerian utzi du horrela fiskaltzaren jarrera.
Aste honetan, hain zuzen ere, Alternatibak Bilbon hitzaldia antolatu du Aracely Leon Mateo Gutierrezen amarekin, Jorge Adolfo Freytter Romero Elkartearen eskutik Euskal Herritik hitzaldi eta bilera bira bat hasi berri duela. Bere asmoa, semeak pairatutakoaren berri eman ez ezik, Kolonbiako unibertsitate eremuan gertatzen den jazarpen polizial eta judiziala salatzea da.
Horregatik, Gutierrez gaztea aske gelditu izana ospatzeaz gain, Alternatibako Mahai Internazionalistak Kolonbian pentsaera kritikoaren kontra ematen den zapalkuntzaren amaiera eskatu eta unibertsitate eredu pribatizatu eta otzanaren inposaketa salatu dute.