Isabel Celaa Espainiako Hezkuntza Ministroak LOMCEren “neurri polemikoenak” legea erabat indargabetu gabe aldatuko dituela jakinarazi ostean, EH Bilduk berretsi du “presazkoa eta nahitaezkoa” dela LOMCE baliorik gabe uztea lege berri bat egin aurretik. Gure kide Oskar Matutek ohartarazi du LOMCEren zati batzuk aldatuz “atzera begiratzea eta 2006. urtera itzultzea” dela Espainiako Gobernuaren asmoa, aukera aurrera egiteko zimenduak ezartzeko aprobetxatu beharrean.
LOMCE indargabetzeko bidean, Matutek “pauso irmoak” eskatu dizkio Espainiako Gobernuari, eta “ausart” aritzeko deia egin dio lege atzerakoi hori guztiz deseraiki eta LOMCE baliorik gabe utz dezan. “Ikasleen egunerokoan, hezkuntza komunitatean eta errealitate anitzetako autogobernuetan izan duen ondorio negatibo eta mingarriengatik”, azaldu du.
EH Bilduk betidanik defendatu du LOMCE indargabetu eta edukiz hustu zitekeela, inolako ñabardurarik gabe. “Ezinbestekoa da hankaz gora jartzea, are gehiago gizarteak hezkuntzan dituen beharrei errespetuan oinarritutako perspektiba inklusibo, parekide eta laiko batetik erantzun nahi badiogu”, gehitu du Matutek.
Koalizio subiranistak pozez hartu du gaur aurkeztutako aurreproiektuak LOMCEren indargabetzea bere gain hartzea, baina kezkatuta agertu da Hezkuntza Ministroak ez duelako “konpromiso argirik” erakutsi Euskal Hezkuntza Komunitateak eta Eusko Legebiltzarreko Autogobernu ponentziak aldarrikatu duten “hezkuntza eskumen esklusiboari buruz”.
EH Bilduk Hezkuntza Batzordean duen bozeramaileak, horrez gainera, agerian utzi ditu Espainiako Gobernuaren kontraesanak LOMCEren inguruan. “Joan den uztailean, ministroak agintaldiaren xehetasunak eman zituenean, argi utzi genuen ezinbestekoa eta presazkoa zela LOMCE erabat baliogabetzea lege berri baterako lehen pauso bezala. Celaak berak erantzun zigun ezinezkoa zela hori egitea. Zalantzan jarri genuen orduan eta gaur xehetutako aurreproiektuak arrazoia eman digu”, gogorarazi du.
Legea tentuz aztertuko duela jakinarazi du EH Bilduk, laikotasun, berdintasun eta kalitate irizpideei erantzuna ematen dien ikusteko. Ildo horretan, autogobernua errespetatzeko eskatu du Matutek, euskal eredu propio baterako Euskal Hezkuntza Komunitateak eginiko apustuari bide emateko. “Euskal gizarteak merezi eta behar dituen erronkei erantzungo lieke horrek”, nabarmendu du.