Alternatibak hitzaldia antolatu du bihar, abenduak 18, Arrasaten, Hondarribiako eta Irungo alardeetan emakumeen kontra ematen den bazterkeria aztertzeko. “Emakumeak jaietan, lotsaren alardea” izenburupean, solasaldiak Jaizkibel konpainiako bi kide izango ditu hizlari. Batetik, Oihana Etxebarrieta, emakumeak eta gizonezkoak parekidetasunean biltzen dituen konpainiako kapitaina, eta EH Bilduko legebiltzarkidea Gasteizen; eta bestetik, Iñigo Goikoetxea “Jaizkibel Konpainia” komikiaren egileak hitz egingo du, bere lanak ospakizunaren historia eta konpainiako emakumeen hogei urteko borroka jasotzen ditu.
Etxebarrietak bere esperientziaren berri emango du, Jaizkibeleko kapitain gisa, maila desberdinetako bitartekaritza ondo ezagutzen baitu. Gainera, bazterkeria lazgarri hau Eusko Legebiltzarrean jorratu izanaren bizipenak ere taularatuko ditu, talde politiko desberdinen kokapena argi duela. Goikoetxeak, bestetik, iaz argitaratutako lanean bildutako alardearen sorreraren inguruan, tradizioaren garapena eta egungo harrera soziopolitikoa izango ditu hizpide.
Hitzaldi honek Alternatibaren 10. urtemugaren harira antolatutako hitzaldi sortaren lehenengoa izango da. 2008ko abenduaren 13an jaio zen Alternatiba, Bilboko Bidebarrieta liburutegian eginiko batzar irekiarekin. Data gogoratzeko ekitaldia egingo da larunbat honetan, abenduaren 15ean, Bilboko Itsas Museoan. Gerora, eta apirilera arte, hainbat hitzaldi antolatu dira Euskal Herrian zehar, horietako lehena, esan bezala, Arrasaten antolatu dela.
Alardearen aferari helduko dion solasaldia biahr asteartean, abenduak 18, egingo da Arrasateko Kulturaten (Azoka kalea 1), arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Julia Monge ekintzaile memorialista eta feministak aurkeztuko du saioa. Hitzaldia guztiz irekia izango da aretoaren edukiera bete arte.