Alternatibak baikor azaltzen da Euskal Herriaren historia ireki berri den kapituluaren aurrean. Euskal gizartearengan aztarnak utzi dituen aroa ixtera goaz, askorentzat mingarriak, mina izan delako azken hamarkadetan lagun ugariren eguneroko bidaidea. Zalantzarik ez dago, alabaina, gure historiaren parte dela, eta horregatik guztion lana izango da, herritar zein eragile sozial eta politikoena, bakea nagusi izango den etorkizuna eraikitzea, memoriaduna baina garaile eta garaiturik gabekoa. Agerikoa da lan handia dugula aurretik, baina seguru gaude Euskal Herriaren etorkizunaren aldeko elkarlanak merezi duela.
Alternatiba Kanbon (Lapurdi) izango da bihar, maiatzak 4, ETAren amaierari ofizialtasuna emango dion ekitaldian. Bertan izango da Alternatibako Koordinakunde Nazionaleko kide eta EAEko legebiltzarkide Josu Estarrona.