Amatasun eta aitatasun prestazioen harira itzulitako diruaren inguruko datuak eskatu zituen EH Bilduk Bizkaian. Salatu genuenez, taula honetan ikus daiteke nola gehien dutenei diru gehiago bueltatu zaien. Esaterako, urtean 180.000€ soldata bitarteko emakume batek ia 7.000€ jaso ditu bueltan. Aldiz, 16.000 euroraino kobratzen dituen batek, 2.400€ inguru eta, are larriagoa dena, 14.000 eurotik behera dauden emakumeek ez dute ezer jaso bueltan.
PNVren Bizkaiko Foru Aldundiko Ogasunak datuak pixka bat ezkutatuta eman zizkigun. Tarteak soldataren arabera jarri beharrean, oinarri likidagarrien arabera eman dizkigulako, eta lehen tarteko barne desorekak ezkutatu dituelako, baina hala ere adierazgarria da.
Arazoa da, beraz, Araba, Bizkai, eta Gipuzkoako aldundiek modu akritikoan ontzat ematen dutela neurri bidegabe bat. Gainera, orain aitatasun bajen luzatzearekin aitatasun eta amatasun baja altuenak dituztenei egingo zaie mesede.
Gogoratu beharra dago, halaber, Auzitegi Gorenaren epaia ez zela derrigorrez bete behar EAEn; are gehiago, PNVk ez du foralitatea defendatu eta ogasun desberdina duen Espainiaren menpe egotea nahiago izan du. Ildo honetatik, Nafarroan erakutsi da, are gehiago egin zitekeen arren, auzi bidegabe honen eraginak mugatu zitezkeela.