Alterkariaren zenbaki honetan instituzioetara lehenengo aldiz sartuko direnak nabarmendu nahi izan ditugun arren, badira bigarrenez animatu diren Alternatibako kideak, Alba Fatuarte kasu.
Aurkeztu zure burua. Nor zara, nondik zatoz, ea nolatan ausartu zaren ardura honetan?
Alba Fatuarte naiz, 34 urteko Irundar bilbotartua, ia nire bizitzaren erdia Euskal Herriko metropolian daramat eta. Nire ustez garrantzitsua da Bilbon EH Bilduk abiatutako lanari jarraipena ematea eta horretarako guztion ekarpena beharrezkoa da. Horregatik animatu naiz beste lau urtez zinegotzi lanetan jarraitzera.
Zure bigarren legegintzaldia da. Zer ikasi duzu aurrekoan, eta zer falta zaizu ikasteko?
Esango nuke ikasgairik garrantzitsuena izan dela “hanka bat udalean eta milaka kalean” leloa betetzearen garrantzia. Egunerokoan zailtasunak baditugu ere, ezin dugu inoiz ahaztu hortxe dagoela gure eskaintza politikoaren indarra, eta horixe dela, era berean, gure erronka nagusia, lelo hori praktika politikora modu eraginkorrago batean eramaten ikasten jarraitu behar dugulako.
Udalgintza da politikaren eremurik gertukoena. Nola daramazu egunero ikusten eta bizi duzuna erakundearen baitan eztabaidatzea?
Ez daukat bestelako esperientzia instituzionalik baina, dudarik gabe, herritarren eguneroko arazoetatik hurbil egonda eroso nago, aukera ematen didalako jendartearen kezkak nondik nora doazen hobeto ulertzeko. Aitzitik, gure eragiteko ahalmena eskasa da oraindik ere Bilboko Udalean, eta askotan horrek asko mugatzen gaitu, baina ezin dugu etsi!
Zein da udaletxea utzi aurretik gauzatzea gehien gustatuko litzaizukeen egitasmoa?
Dudarik gabe, Emakumeen Etxea. Bilboko mugimendu feministaren aldarrikapen historikoa da, behin eta berriro udalera eraman duguna eta, kaleak betetzen jarraituko dugu, azkenean lortu arte. Bilbo da, gainera, halako espazio bat ez duen euskal hiriburu bakarra, baina ez da harritzekoa, Bilboko PNVren gobernua baita, mugimendu feministarekin harreman txarrena duen udal gobernua.