Begoña Vesgaren erretiroak Eibarko EH Bilduren udal taldean utzitako hutsunea betetzeko ardura zailarekin heldu zen Gorka Errasti politikagintzara. Ondo erantzun izanaren emaitza, azken hauteskundeetan alkategaia izan da.
Bigarrengoz aurkeztu arren, izango da baten bat ezagutzen ez zaituena. Nor zara, nondik zatoz, eta nolatan konbentzitu zaituzte?
Gorka Errasti naiz. 40 urte. Eibartarra. 15 urte daramatzat Eibarko Udaleko Gizarte Zerbitzuetan lanean. Gizarte Lanean graduatua eta Enpresa Zientzietan diplomatua naiz. Etxean beti bizi izan dugu politika gertutik baina nere ispiritu kritikoa piztu eta politikagintzara gerturatzea M15ak sortu zidan. Azken lau urteak zinegotzi bezela eman ditut eta alkategaia izateko aukera sortu zenean ez nuen bi aldiz pentsatu, erronka polita nuen aurretik.
Urteotako udal esperientziatik zer nolako irakaspenak irabazi dituzu?
Ba uste baino pazientzia handiagoa dudala ikasi dut. Ez daukadala ideia ezberdinak dituzten beste pertsonekin eztabaidatzeko arazorik. Aberasgarria da hori. Nahiz eta Udaleko langilea izan, barne funtzionamenduaz hobeto jabetzeko ere balio izan dit. Oposizioan lana egitea, gainera, ezberdina da, Udal gobernuaren jarraipen zorrotza egin beharra dago eta batzuetan trabak
daude horretarako.
“Hanka bat udalean mila kalean” leloa aipatzen dugu maiz; gauzagarria ote da gero, eguneroko jardunean?
Gure eguneroko jarduneko buruhaustea da hau ere: Nola uztartu udalgintza eta
herrigintza. Argi dudana da zinegotzion esku ezin dela egon bakarrik, eta EH Bilduren oinarria handitu beharra dagoela, osatzen duten alderdietako militanteez
harago. Hori da Eibarren gure buruari jarri diogun erronketako bat. Ez da erraza izango baina bagoaz pixkanaka oinarria zabaltzen.
Alkategaia izan zara. Zelan bizi izan duzu kanpaina?
Errusiar mendia bezelako egunak izan dira. Emozioz eta presioz bete- takoak baina harrotasunez bizi izan ditudanak. Bidelagun asko egin ditut eta asko ikasi dut, oso aberasgarria izan da. Gainera, lantalde bikaina lortu dugu. Gazi-gozoa izan da, gure baliabide txikiekin lan handia egin dugulako eta bozkatan gora egin dugu. 32 urte eta gero zaila dago Eibarren PSOE gobernutik kentzea. Baina gure proiektua epe luzerako proiektua da, gizartean txertatu eta asentatzen doana. Helduko da gure garaia!