Jone Goirizelaiak eta Miren Larrionek legebiltzarkide karguari uko egin diote eta hemendik aurrera udal politikan zentratuko dute euren lan instituzionala Bilbon eta Gasteizen, hurrenez hurren, iragan maiatzeko hauteskundeetan bertako herritarrekin hartu zuten konpromisoari jarraituz. Erabaki hau EH Bilduk udalgintzaren alde egiten duen apustuaren baitan kokatzen da, tokiko eskalak garrantzi estrategikoa baitu ezkerreko subiranismoarentzat. Ondorioz, eta duela gutxi Pello Urizarren lekua Ander Rodriguez hartu zuen moduan, Goizeralaiak kargua utzi izanak, Alternatibako kide Diana Urrea Eusko Legebiltzarrera bueltatzea ekarri du, EAEko hauteskundeetarako Bizkaiko zerrendari jarraiki.
Urrea Armenian jaio zen, Kolonbian, baina haurra zenean ekarri zuten Euskal Herrira. Turismo zientzietan diplomatuta dago Deustuko Unibertsitatean, eta EHUren Emakume eta Gizonen Arteko Berdintasun masterra da. EH Bilduren hastapenetan politikagintza instituzionalera urratsa egiteko ausardia izan zuten ehunka lagunetako bat da, bere kasuan, emakumea, gaztea eta etorkina izanik. Aurreko legegintzaldian Gasteizko parlamentuan eginiko lanarengatik, «giza eskubideen defentsan, ikuspegi internazionalista zein feminista batetik» hainbat alorretako erreferentea eta Alternatibako aurpegi ezagunetarikoa bilakatu da.