Feminismoa modan jarri den garai hauetan, munstro kapitalistak eraldaketarako aukera erreala ematen duen edozein proposamena fagozitatzeko garaietan, Euskal Herriko Mugimendu Feminista autonomoak ospatu berri ditu bere V Jardunaldiak.
Instrumentalizazioa eta zuriketa arrisku errealaren aurrean, mugimenduak argi utzi du ez garela ikuskizun bat, ezta kontsumorako produktu bat ere. Feminismoa sistemarako deseroso izaten jarraitu behar du: bederen, gehiengorako feminismo antikapitalista, antiarrazista, antikolonialista eta ekologista aldarrikatzen duena.
Euskal Herriko feminismo autonomoak, hamar urtetan behin egin izan duen moduan, mahai gainean jarri ditu datozen urtetarako gai eta erronka nagusiak. Mendebaldeko garai neoliberal azkartuaren berehalakotasunean murgilduta bizi gara non guztia bat batean -pentsatu, ekin, informatu…- egiten dugun. Izan ere, mugimendu feministak, praktika koherenteei eutsiz, ez dio berehalakotasun horri erantzun nahi. Prozesu hitza balorean jartzen eta praktikara eramatea du helburu. Gu geuk, Jardunaldien balantzea eta laburpena berehala jaso nahiko genuke… baina Jardunaldiak ez dira ekimen zehatz bat izan (ikuskizun soila), beste mugarri garrantzitsua baizik, ibilbidean beste aurrera pauso bat markatu dutenak eta askoz pauso gehiago markatuko dituztenak. Hortaz, ez duzu idatzi honetan jardunaldien xehetasunik topatuko. Bizipen horiek han egondakook gordeko ditugu gure kide feministekin edo kolektiboekin partekatzeko eta hausnartzeko, agian. Gai bakoitzak, askotarikoak baitziren eta oso mamitsuak denak, izango du bere ibilbidea, bakarrik edo beste batzuekin batera, eta etorkizunean proposamen politikoetan, ekintzetan, eta abarretan ikusiko ditugu islatuta. Utzi behar diogu mugimendu feministari bere lana bere erritmora egiten: bitartean guri dagokigu interpelazioei heldu eta gure espazioetatik lanean jarraitzea. Eta mugimendu feministak etengabe irakasten digun guztia baliatuta, gutxi ez dena.
Dudarik gabe, Euskal Herriko mugimendu feministak proposamen itzela egin dio jendarteari: egun, gure herriko bizitza duinetarako proposamen erradikalena, demokratikoena (zentzu osoan) eta integralena eskaini digu. Are gehiago, hori egiteko gaitasuna izan duen eta oraindik ere, duen bakarra da, Jardunaldietan berriro erakutsi digunez. Sentitu-pentsatu-ekin elkar lotutako kontzeptuan oinarrituta (Abya Yalaren feminismo komunitariotik edaten): errealitatea aztertzen du (eta azterketa hori egiteko beste marko batzuk proposatzen ditu, patriarkalak ez direnak eta emakumeon* bizitzak, bizipenak eta iritziak kontuan hartzen dituena, ezagutzaren esanahia zabalduz) eta testuinguruak testuinguru kokatutako proposamen teorikoak garatzen ditu, baita esparru eta bizitzaren arlo guztietarako eraldaketarako proposamen praktikoak ere. Hau da, teoria eta praktika da, hausnarketa eta ekintza: mundu osorako, herrialdeetarako, hiri eta herrietarako, auzoetarako, kolektiboetarako…. Eta beti aniztasuna PRAKTIKAN jarriz egiten du.
Eta ez da erraza. Denok dakigu munduari buelta eman nahi diozunean hitzetatik ekintzetara pasatzea, eta ekintzekin “asmatzea” ez dela batere erraza. Beste batzuk, gehienak, diskurtsoetan gelditzen diren bitartean, mugimendu feministak ausardiaz eta erantzunkidetasunez erdigunean jartzen du aniztasuna, eta praktikan ikasten doa oztopo horiek nola gainditu, hau da, gatazkei nola aurre egin. Eta jardunaldien baitan, hau guztia ikustarazi, sentitu, pentsatu, diskurtsoetan agertu eta praktikara eraman zen Durangon 3 egun horietan.
Hain zuzen, mugimendu feministak egiten digun ekarpen erradikalenetako bat erak dira, NOLA galdera osatzen duen guzti hori: sistemak soilik ZERetaz eta berehalakotasunaz kezkatzen den bitartean, prozesua jartzen dute balorean, NOLA horri erantzunez. Ezinbestekoa da, beste mundu justu bat nahi badugu, beste modu batean dena egin beharko dugulako. Audre Lordek zioen moduan “nagusiaren tresnekin ez duzu inoiz nagusiaren etxea suntsituko”. Horregatik, politizatu, bisibilizatu, balorean jarri behar da, oraindik ere ezkerreko eremu askotan ezkutukoa, baloratzen ez dena, NOLA hori: nolako harremanak sortzen eta elikatzen ditugu, nola bideratzen eta dinamizatzen ditugu espazioak, nola eraikitzen ditugu aliantzak eta sareak, nola deseraikitzen ditugu gure pribilegioak, gure tresna bertikalak beste batzuk sortzeko… “Gaizki” egiten baitugu, botere harremanak errepikatuz, borrokak mailakatuz, gaizki jarraituko baitugu. Dogmatismoetan erori gabe, ez gara perfektuak izan nahi, saiatu nahi dugu, albokoa entzun, isildu behar denean isildu eta ekin behar denean ekin. Eta hori guztia zaintza da, aniztasunean oinarritutako zaintza.
Eta ekarpena izugarria da guztiontzat: alderdi politiko, eragile sozial, erakunde alternatiboentzako…. Feminismoa, hitz larritan POLITIKA izan beharko luke. Baina oraindik ez da. Oraindik emakumeen kontu bat da, bigarren mailakoa, ikusten ez dena eta ezer gutxi aitortzen dena.
Eta, horrekin lotuta, Jardunaldien antolatzaileek opari izugarria egin digute: autokudeaketa eta horizontaltasuna abiapuntutzat hartuta, Euskal Herrian ikusi dugun antolaketa ariketarik handiena. Zaintza eta maitasuna erdigunean, egunero 3000 emakumeok* lo egin, bazkaldu, afaldu, askotariko espazioetan parte hartu eta gauez ikuskizunez gozatzen genuen. Baita ere segurtasuna bermatuz, komunikatiboki dena jasoz, eta beharrezkoa izan denean indarkeria protokoloak abiatuz. Eta hori dena, militante feminista boluntarioei esker, aipamen berezia eginez gazte feministei, egunero ehunka baitziren laguntzeko prest. Antolakuntza konplikatu horrek hamaika irakaspen ekarri dizkigu gure erakundeetara eraman, moldatuta behar bada noski, daitezkeenak.
Kolektibo feministak protagonistak izan arren erakunde mistoetan gauden feministekin zubiak eraikitzeko edo sendotzeko beharra ere azpimarratu zen. Bide hori ezinbestekoa da guretzat eta lantzen jarraituko dugu, nahiz eta ematen den interpelazio horretan deseroso sentitu batzuetan: osasuntsua da eta aurkitu behar ditugu bideak ongi kudeatzeko. Badugu nondik ikasi.
Askotariko zapalkuntzak kontutan hartzen duen feminismoa izan behar da gurea, mailakatzerik gabe, bere buru ezbaian jartzeko prest dagoen feminismoa izan behar da gurea, egiturak eta erak goitik behera eraldatu nahi duen feminismoa izan behar da gurea, gorputz eta lurraldeen askatasuna bilatzen duen feminismoa izan behar da gurea: burujabetza feminista da gure bidea. Goazen feministok! Feminismorik gabe eta mugimendu feministarik gabe ez baitugu lortuko. Feminismoa baita bide bakarra!
Monika Plazaola
Alternatibako Mahai Feminista