Alternatibaren azken Alterkarian ziheterosexismoa eta heteroarauaren kontra lanean ari den Lumagorri elkarteko kide Amets Martinez eta Sejo Carrascosari elkarrizketa egin diegu. Hemen Martinezi euskaraz egindako pasartea.
Gaztetan hasi zinen militantzia politikoan, zein ibilbidea izan duzu? Zerk eraman zintuen militatzera?
14 urterekin hasi nintzen militantzian amnistiaren aldeko mugimenduan, ez zen ohikoena urte hoiekin militantzia hor haztea, egia da garai hartan tarteka ikasle mugimenduan ere egon nintzela baina oso momentu puntualetan izan zen. Oso aberasgarria izan zen niretzako garai hartako militantzia hori, aberasgarria bezain gogorra hori bai, nik uste oso militantzia bortitza izan zela, asteroko atxiloketak, torturak, espetxeratzeak,…. errealitate gordina kudeatu behar genuen, ez zen erreza izan.
Herri honetan errepresioaren ondorioak egunerokotasunean daude, nire familiak errepresioaren hatzaparrak ez ditu ezagutu baina nire ingurua bai, gurasoen lagunek hasiera batean eta ondoren nire inguru sozialari tokatu zitzaion, amorru guzti hori bideratzea tokatu zitzaidan beste hainbesteri gertatu zaion bezala, eta hori izan zen militatzera eraman ninduna.
Eta nola eman zenuen jauzia LGTBI+ mugimenduan militatzera?
Erreferenteen kontua oso garrantzitsua da, gogoratzen naiz militantzian erreferente gay edo lesbianak etengabe bilatzen nituela, ez nituen aurkitzen. Eta deserosotasun hori geroz eta haundiagoa izan zen. Orduan EHGAM antolatutako kanpaldi batera joateko aukera izan nuen, eta hau oso garrantzitsua izan zen, giro politiko atsegin batean euskaraz beste gay edo lesbiana batzuekin komunikatzeko aukera izan nuen lehenengo aldiz, gaur egungo perspektiban tontakeri bat eman dezake, baina pentsa duela 20 bat urteko testuinguruan Gasteizen, armairu sakonean, etengabe errepresio politikoaren inguruan lanean, inolako erreferenterik gabe,…. oso gogorra zen. Kanpaldi horretatik irten eta zuzenean Gasteizko ekainaren 28ko bileretan parte hartzen hasi nintzen, hor elkar ezagutu ginen Txerra Bolinaga eta biok, Sejo pixkat lehenago ezagutu nuen,… eta egun batetik bestera Gaztetxeak talde ezberdinekin antolatutako bilera batean geunden E28ko “komisio” horretako ordezkari bezala bi marika (Txerra ta biok) eta bollera bat (Txiki). Eta hortik hasita gaur arte.
Badakigu EHko ezkerreko militantzia eredua (gainontzekoak bezala), besteak beste, oso heteronormatiboa izan dela eta badela. Zu marika zara, bazterretan zaude, nola bizi izan duzu hori militantzia espazio mistoetan?
Hasiera batean, 14 urterekin ez nintzen gauza hauetaz oso konsziente, gero urte gutxi geroago gauzak aldatu ziren, ni banituen beste beharizan batzuk, eta lehen aipatu dudan erreferente ezaren kontua oso gaizki eraman nuen. Pentsa! Ez da bakarrik militantzia eredua heteronormatiboa dela, baizik eta ni militatzen nuen eremuan tetosterona barruraino sartuta zegoen. Gogoan dut auzoko preso bat espetxetik irten eta niri egokitu zitzaidala harreran lore sorta bat ematea, ni oso lotsatia naiz eta horrelako ekitaldiak ez ditut bereziki gustoko, baina hortxe nengoen eskenatokian, jende guztia begira eta ni preso ohiari lore sorta bat emateko, berarengana hurbildu bi musu eta lore sorta eman eta eskenatokitik jeitsi nintzen, orduan gerturatu zitzaidan militantzia kide batek eta belarrira esan zidan “como se nota que eres maricon, a quien se le ocurre dar dos besos a un preso”, inoiz ez du jakingo pertsona horrek zenbat min eragin zidan horrek, ze nolako eragina izan zuen niregan. Nik uste hau oso ongi deskribatzen duela zelan bizitzen nuen militantzia horrelako markoetan, eta gogorrak izan diren, eta diren gaur egun ere militantzia eredu hauek.
Gaur egun nola bizi duzu zauden espazioetan, mistoetan bazaude? Aldaketarik egon da? Gauza bera da marika, bollera, trans, bi edo intersexuala izatea?
Aldaketak egon direla ukaezina da, nik uste hein batean aldaketa hoiek probokatu egin ditugula, espazioren bat irabazi badugu da espazio hori kokistatu dugulako eta edozein momentutan desppistatu ezkero galduko dugula ziur nago. Gaur egun espazio mistoetan militantzian jarraitzen dut, baina espazio hoiek guztietan ikuspegi LGTBI-a sartzen saiatzen naiz, LGTBI ekintzailea naiz eta militantzia hori ulertzen dut bizitzako arlo guztietan eman behar dela, eta militantzian bereziki, beraz eremu misto hoietan ikuspegi hau sartzea da nire betebeharra.
Ez da berdina marika, bollera, trans, bi edo intersexuala izatea, eta ez da berdina ere gay edo maritxua izatea edo bollera edo lesbiana, mugimendu honek bollera eta maritxu terminoak bere egin eta politikoki armatu ditu, zenbait militantzietan nahigo gaituzte gay eta lesbianak bezala maritxu eta bollera baino. Bollerak gainera diskriminazio bikoitzari aurre egin behar izaten diote, bollera eta emakume izateagatik. Hortaz aparte, non daude militante trans-ak? Jakina, trans ekintzaileek badituzte beraien espazio politiko propioak. baina espazio mistoetaz ari naiz, espreski LGTBI mugimenduak ez diren eremuetan non daude trans pertsonak? Zergaitik ez ditugu trans pertsonak alderdi politikoetan ikusten, edo beste eremuetan? Eta zer non daude LGTBI pertsona arrazializatuak? Uste dut honen inguruku gogoetak gure mugimenduetara eraman beharko ditugula.
Mugimendu mistoetan eragozpen gehiegi daude oraindik genero eta sexu aniztasuna asumitzeko, zisheteroaraua oso errotuta dago gure militantzia eredu eta kideetan eta hau aldatzeko erresistentzia haundia dago.