44 urte beteko dira martxoaren 3ko sarraskitik.
Data garrantzitsu honek, urterik urtera, milaka gasteiztar hunkitu eta kalera ateratzen ditu, justizia, memoria, erreparazioa eta duintasuna aldarrikatzeko. Oroimen kolektiboa jorratzen duen ariketa honen harira, Alternatibak, oraingoan, omenaldi txiki bat egin nahi die historiak bidegabe ahaztu dituen emakume guztiei; beren ekarpenarekin eta beren lan ikusezinarekin langileen borroka ahalbidetu zutelako.
Guztiak gogoratu nahi ditugu: borroka horien lidergoan aritu zirenei; greba zein asanbladetan parte hartu zutenei; ezinbestekoa den zaintza lana bere gain hartzen zutenei, eta soldata zein eskubide berdinen aldeko borroka feminista abiatu zutenei. ‘Poltsa hutsen martxaren’ inguruan antolatutako emakume guztiei, beren familiek pairatzen zuten egoera ikustarazi eta salatzeko -ondoren sortuko zen Arabako Emakumeen Asanbladaren abiapuntua izan zena-; hildako eta atxiloketa gehiago ekiditeko beren etxeak ireki zituztenei.
Horregatik, martxoaren 3 honetan kaleak hartuko ditugu berriro emakume guzti hauei omenaldia egiteko, borroka eta duintasunaren eredu direlako. Haiekin zor historikoa dugu, justiziaz merezitakoa. Ez dezagun ahaztu, haiek izan zirelako garela gu.
Emakumeok ere, ez dugu ahazten
Gora emakumeon borroka!