Martxoaren 8ko bi greba orokorren ostean, mugimendu feministaren aldarrikapenek inoiz baino indar eta zilegitasun handiagoa dute. Izan ere, borroka feministak zaintza lanak erdigunean ipintzea eta emakumeek beti bere gain hartutako ugalketa rola ikusaraztea erdietsi du.
Pasa den azaroan, Durangon ospatutako V. Jardunaldi Feministek mugimenduaren agenda propioa sendotzea ahalbidetu dute, Euskal Herriko emakumeek bultzatu eta babestutakoa. Ahalegin horretan, M8 honetan Alternatibatik feminismoarekin dugun konpromisoa berretsi nahi dugu.
Konpromisoa, zapaltzen gaituen sistema patriarkala gainditzeko ahalbidetuko digun aldaketa estrukturalaren inguruko gogoeta egiteko, emakume zein genero disidenteek bizitza duinak bizitzeko eskubidea izan dezaten.
Zentzu horretan, ondorengoa proposatzen dugu:
- Emakumeen arteko ahizpatasuna sustatzera goaz.
- Arrazakeria, xenofobia, misoginia, lesbofobia, homofobia eta muturreko eskuinaren faxismoa borrokatzera goaz, baita ere gure gorputzen merkantilizazioari aurre egin ere. Beti ere, eskubide sexual eta ugalketa eskubideen alde eginez.
- Kapitala erdigunetik aterako duen mundu mailako mugimendua bultzatzera goaz, gure bizitzak eta zaintza lanak erdian jarriz.
- Eraso sexistei eta feminizidioei erantzutera goaz, emakume baten kontrako erasoa, emakume guztien kontrako erasoa delako.
- Eskubide sozialen, politikoen eta ingurumenaren kontrako eraso guztiei erantzutera goaz. Ez dira pasako!
Antolatu indarrak, batu borroka feministara!