Egun latzak bizi ditugu. Zaintza krisia inoiz baino agerizkoagoa den egunak dira hauek.
Maite ditugunen galera, faltan ditugunekiko urruntasuna eta askatasun gabezia nabariak diren egunak. Hemen eta hango jendea, haien etxeetan –zorionezkoak, behintzat- giltzapetuta komunikabideek etengabe zabaltzen dituzten alertazko eta beldurrezko mezuei aditzen. Eta zurrunbilo mediatiko horretan, patriaren salbatzaileak: estatuaren segurtasun indarrak, haien 4×4 eta armekin hornituta, gure hiri eta herriak zeharkatuz –guztion ongizaterako, diote-. Isilpeko erakustaldi zoldatsu militarra, birus bati aurre egitearekin zerikusi gutxi duena. Izan ere, gizartearen inkontzientean nazionalismo espainiar belizista bat ezartzeko asmo argia duena.
Ez da berria. Historikoki Euskal Herria, izan eta oraindik ere, herri antimilitarista da. Mugimendu intsumisotik, estatuan izandako indartsuena, Alde Hemendik delakora, beti armarik, indarkeriarik eta militarismorik gabeko herri eredu baten alde mobilizatu gara. Orduan, zertara dator botere alarde polizial eta militar guzti hori? Gizarteak gobernu gehienek baino maila politiko altuagoa erakutsi du, pandemiari bakeaz, elkartasunaz eta antolakuntzaz erantzunez. Eta bitartean espainiar gobernuak, armada-gorputza aberria bateratua mantenduko duen eta gaizki deitutako “gerra” honetatik salbatuko gaituen osagai garrantzitsuena bezala saltzen digu etengabe. Ez gaude gerran eta ez gara soldaduak.
Egun latzak bizi ditugu, eta horregatik, indarrak elkartu eta antolatzeko garaia da. Sistemaren krisia baliatu behar dugu kapitalismoaren paradigmaren aldaketa gauzatzeko eta bizitza erdigunean jarriko duen gizarte eredu baterantz abiatu ahal izateko. Pertsonak eta zaintza lanak gauza guztien erdian jarriko dituen eredua eraikitzeko. Militarismoak eta edozein armadak elkartasunaren, berdintasunaren eta tolerantziaren kontrako baloreak irudikatzen ditu. Horregatik, soberan daude.