Ostegun honetan, maiatzak 14 arratsaldeko 18.30etatik aurrera, Alternatibako mahai feministak «Bizitzak zaintzeko praktikak: etorkizuna marrazteko bidean» titulupeko hitzaldia antolatuko du Alternatiba Zuzenean hitzaldi-zikloaren baitan kokatzen dena. Izan ere, bizitzen ari garen krisi soziosanitarioaren eraginak modu kolektiboan, eta ikuspuntu feministatik, aztertzeko beharra ikusten dugu.
Egungo egoerak zaintzen egiturazko krisia gordintasun osoz azalarazi du. Horregatik, funtzeskoa da arlo horretan sakontzea. Aurretik ere zaintzen gaia jorratu dugu, baina kasu horretan gizarte zerbitzuekin lotura bilatu genuen eta bereziki adinekoen egoitzetan gertatzen ari zena aztertzeko beharra genuen. Oraingoan, beste behin ere gaiari heltzen diogu, baina beste ikuspuntu batetik, bizitza zaintzaren dimentsio-aniztasunaz kontziente garelako.
Ostegunean etorkizunera begira jarri nahi dugu eta arlo komunitarioa landu, egungo ereduak balio ez zaigula badakigulako, dena berrantolatu behar dugu pertsonen zaintza erdigunean jarriz eta guztion parte hartzearekin. Dena den, ez gara zerotik hasten, badira elkarzaintzan jada modu komunitarioan eta antolatuan dabiltzanak. Horien esperientziatik ikastea bilatzen dugu etorkizuna marrazteko bidean.
Horretarako, Olatukoop erakundeko Enara Iruretagoiena eta Bilboko Elkartasun Sareak|eko kide Naia Vivanco izango ditugu gurekin haien erakundetatik hartutako neurriak edo proposaturiko jarduerak, eta etorkizunera begira hausnarketa sakona egiteko.
FB: https://www.facebook.com/AlternatibaEraiki/videos/170580527660796