Gutako bat galdu dugu gaurkoan. Lucio Urtubia cascantearrak utzi gaitu.
Igeltseroa, militante anarkista, lubakietako bidaide; borrokalaria, iraultzailea. Herri xehearen defendatzaile nagusienetako bat zendu da.
Cascanten jaio zen, Nafarroako Erriberan, 1931n, eta errepresiotik, jazarpenetik eta frankismoaren soldaduzkatik ihes egin zuen. Parisera erbesteratu behar izan zuen, eta gaur, 89 urte zituela, hil egin da.
Bizitza oparoa izan du: kontrabandoa, lapurretak, militantzia klandestinoa, errefuxiatu gisa bizitzea, dirua eta dokumentuak faltsutzea… Beti ere helburu argi batekin: jendearen duintasuna, eta borroka iraultzaile guztiak sustatzea.
Kartzelen kontra ere egin zuen borroka, bere areriorik handienarentzat ere ez zuelako ziegarik nahi. Alternatibaren bat bilatu beharra zegoela zioen, egungo presondegien sistemarekin justiziarik ez dagoelako.
Gaur utzi gaitu, baina bere ereduak iraun egingo du. 2015eko maiatzean EH Bilduk Tafallan egindako ekitaldi batean esan zigunez, “borrokatu beharra dago, gauzak ez baitira zerutik erortzen”.
Kapitalismoak etsai bat galdu du, eta guk gure borrokaren erreferente bat. Gaurkoan izar berri bat piztu zaigu zeruan Nafarroako Erriberatik Pariseraino ikus daitekeena.
Agur eta ohore Lucio!